Etxe zein toki izenak, Danbolin borda eta beste, txistularien arrastoa Goizuetan

Erabiltzailearen aurpegia PATZIKU PERURENA LOIARTE 2015ko aza. 14a, 01:00

PATZIKU PERURENA LOIARTE

Euskal Herri osoan bezalaxe, Goizuetan ere, danbolina izan da menderik mende herria alaitu duen herri musikaririk behinena, eta huraxe aztertuko dizut aurrena sail honetan. Deus baino lehen esan, gaur txistulari izenez ezagutzen dugun musikariak izen asko izan dituela historian zehar: danbolintero, danbolin, ttun­ttunero, zilibitero eta abar euskaraz; eta jular, juglar, tamborin, tambolintero eta beste erdaraz. Baina, kontuak nolabait mugatzearren, esan daiteke, txistulari izena normaldu zela euskal abertzalegoak soinu tresna hau euskal ikurrik zaharrenetzat eta kuttunenetzat hartu zuenetik, han nonbait XIX. mende bukaeratik honuntz. 
Hala ere, usario zaharreko hiztun agrafoak, eta musika tresna zahar hau menderik mende belarriz ikasi eta jo duenak, danbolin deitu izan dio maizenik. Horren lekuko, Danbolintxo edo Danbolin­bor­da etxe izenak, edo Danbolin iturri, Danbolin zoko bezalako tokizenak ditugu Goizuetan bertan.  Erne beraz, danbolin horrek gaurko txistulari esan nahi baitu.

Joanes leitzarra, aurreneko danbolina herrian
Nik aztertu ditudan datuak, batik bat Goizuetako udal ar­txibokoak, 1608an hasten dira, baina dudarik ez egin, askoz ere lehenagoko datuak azalduko direla, ikerleak artxibo zaharrak astinduz joan ahalean. Hasieran kanpotik ekarritako danbolinak aipatzen dira, «musicos y juglares que se traxeron de fuera», eta beste dozenaren bat urtez (1610-1622), ez da bertako danbolinen aipamen zehatzik egiten. Aurre­neko aipamen zehatza, 1623ko hauxe:  «a Joanes de Leyça por su pensión de serbir de jublar (sic) dos ducados». Beste urte sail batean ere segitu zuen herriko danbolin Joanes leitzarrak, 1661ean hil zen arte; baina bere ofiziorik behinena basozaina zuen; aita Martin, berriz, eskribaua, eta arreba Mari Migel, etxean bertako ostalari. Herriko Etxeko ostatura etorria baitzen familia, Leitzatik.

Martin Legarreta hurrengo arrastoa, Arizkundik etorria
Goizuetan egundainoko arras­­toak utzi zituen hurrengo danbolina, Martin Legarreta (1670-1729)  izan zen. Hain zuzen, harixe zor baitiogu oraindik Danbolin borda etxe izena: «Martin de Legarreta jular intenta fabricar una casería y necesita para su fábrica algunos robles». Behar zuen zurajea eman zion Udalak, eta baita markazioa egin ere, «mas arriba de Sansola, junto a la regata de Acorrola». Eta etxea egiteaz gainera, gero bertan bizi izatean, herriak berak bataiatuko zuen Danbolin bor­da, eta gizaldiz gizaldi, eta ahoz belarri, egundaino bizirik eutsi.
Oi, zeinen ederrak, herriak xalo demonio sortu eta erabiliaren erabiliz errotutako etxe izenak! Eta nolako kargamen poetikoa, gaur egileak berak presaka bataiatu arren, gero herriak mutu uzten dituen izen burges zatar horien aldean!

Gaurko txistulariari, danbolin deitu dio maizenik, musika tresna zahar hau menderik mende belarriz ikasi eta jo duenak.

Senpereko Legarreta etxetik omen zetorren danbolin honen zaizkia, baina Martin bera, arizkundarra zen sortzez, eta 1674an Magdalena Erratzu­re­kin ezkondua Goizuetan. Ho­ne­la dio haien alaba Anaren jaiotzako agiriak 1681ean gurasoetaz: «ambos de los godos». Zirena zirela, Martin danbolinaren ondoreko batzuk Arano aldean errotu ziren gero, eta baita danbolina jotzeko grina ere haiekin batera.  Honatx Mari­­gartzineko Joxemari Legarreta hiztun bikai­nak behiala esandakoak: «gure attan aittona txistujotzallia emen zan. Gure atta zena ez, baño anaya Sagargaztekua re txistujotzallia zan, Isidro; ta gero Proentxio esate ziyoena emen bestia, musika asko zekina. Mairtzenen bizitu zen ura». 

Martin Legarreta txistulariak, etxea egiteaz gainera, bertan bizi izatean, herriak berak bataiatu zuen Danbolin borda, eta gizaldiz gizaldi, ahoz belarri, egundaino bizirik eutsi.

Eta haien ondorekoa, besteak beste, Xabier Legarreta ber­tsolari aranoarra duzu. Edo Imanol Legarreta, Gozuetan alkate izandakoa (2003-2007). Honen aitak utzia duzu gaineko erlikia hau, Aranoko txistularien argazkia (1938-1940).
Errepublika garaiko txistulari eskolatuotara iritsi arte, beste danbolin mordoska gelditu zait bidean aipatu gabe:  Ustariz, Amigorena, Arizabalo anaiak, Zala, Astibia, Patziku Txamoraberrikoa, Kaperoko Bernardo… Baina beste batean beharko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!