Ez dakit Orain Hernanik (OH) pentsatzen ote duen udal kudeaketarik ez dela izan beraiek iritsi diren arte, baina datu bat eman besterik ez dut egingo; 2009an, Atez Atekoa lantzen hasi zenean, EAJ-PNVk eskatu zuen martxan jartzeko 5garren edukiontzia. Egiazko proposamena eta argumentatua zen eta da, eta gainera, erreferenduma babesten dugu, lehen eta orain. Sistemarentzako alternatiba egingarri bakarra da, bizilagunak informatzea eta kontsulta.
Ingurumena hobetzeko konpromisoa EAJ-PNVko kide GUZTIEK daukagu, demagogiarik egin gabe eta inorri ohore egin gabe.
Argi dago 100 egunetan OHk ez duela ezer ulertu. Egia da Bilduk alderdi guztiei eskaini zigula Udal Gobernu Batzordea osatzea, baina tradizioan, gobernatzen duten partiduek osatzen dute, eta ez da OHren kasua. Bertan gertatzen denari buruzko informazioa alderdi guztiok daukagu; bertan erabakitzen da alderdi guztiok parte hartzun dugun komisioetan landutakoa, edo alkateak horretan delegatutakoa. Gogorarazten dizuet erabakitze organo horretan Bilduk gehiengo absolutua duela. Agian, OHrentzako oso ondo gelditzen da esatea Udal Gobernu Batzordean parte hartzen duela, baina Bilduk gehiengoa duen Plenoan gertatzen dena ikusita...
100 egunetan OHk ikasi duena da demagogia erabiltzen eta «iraganari lotuta gelditutako alderdi» bururen baten esaerak erabiltzen. Uste dut Orain Hernanik asko ikasi lezakeela 2003-2007ko legegintzaldian gobernu eta oposizioaren (liberatu eta dietekin) artean egin zen lanetik. EAJ-PNVk parte hartu zuen udal gobernu horretan.
Badirudi gezurra edo ezjakintasuna direla OHren beste ezaugarrietako bat. EAJ-PNV da Hernaniko alderdi bakarra, azken hiru udal hauteskundeetan boto eta zinegotzi gehiago lortu dituena. 2007-2011n, 2 zinegotzi; 2011-2015ean, 3 zinegotzi; eta 2015-2019an, 4 zinegotzi. OHren «desinformazioa» ikaragarria da!
Gaizki hasi dira politika egiteko modu berri bat erakutsiko digutela esaten duten alderdi berri hauek, eta gure salbaziorako giltza dutela konbentzituta dauden hauek.
EAJ-PNVtik gure aldetik jartzen eta lanean jarraituko dugu, hernaniar guztien onerako.