Irristaketa, kirol berria Hernaniko Kirol Elkartean

Erabiltzailearen aurpegia LIDE REKONDO URKIA 2015ko urr. 31a, 01:00

Hemendik aurrera kirol berri bat egiteko aukera izango dute hernaniarrek: irristaketa. Garikoitz Astarbe entrenatzailea buru duen hernaniar patinatzaile batzuek bultzatutako taldeak lortu du Hernanin kirol hau praktikatzeko baldintzak hobetzea.  «Lehenengo pausu bezala, Hernaniko hiru txokotan, ordutegi zehatz batean, patinatzaileek lehentasuna izatea lortu dugu», jakinarazi du Garikoitz Astarbe taldeko arduradunak. Hiru dira ordutegi berezia izango duten pistak: Latsun­bekoa, Gabriel Zelaia Plazakoa (atletismoko pistaren ondoan dagoena) eta Elizatxo Ikas­to­lakoa.  Larunbat eta  igandetarako zehaztu da, batez ere, ordutegi hau: Latsunbeko pistan goizez, 10.00etatik 13.30e­tara, izango dute lehentasuna irristatzaileek; arra­tsaldez, ordea, Gabriel Zelaia Plazakoa egongo da erabilgarri 16.00etatik 19.00etara. «Bidegorrietatik gertu egotea interesatzen zaigu», horregatik «pista egokiak» dira Astarberen iritziz.

Garikoitz Astabe: “Hernaniko Kirol Elkartearengana jotzea erabaki genuen eta, bere estatutuek hala diotenez, behar izan dugun laguntza eskeini digute”.

Hasteko, ate irekiak
Egoera berri hau estreinatzeko, Hernaniko Irristaketa Talde berriak ate irekiak antolatu ditu asteburu honetarako (aurreko asteburuan ere egin ziren). Goizean 11:30etatik 13:00etara Latsunbeko zelaian egongo dira; arratsaldean, berriz, Gabriel Zelaia Plazan, 16:00etatik 19:00etara (euria egiten badu, Elizatxo ikastolan). Bertaratzen direnekin ariketa desberdinak eta jolasak egingo dituzte. Goizean Latsunbeko zelaian egingo diren jolasak amaitzean, bidegorrietatik ibilbidea proposatuko dute Latsunbetik bertatik abiatuta. Ekintza hauek denentzat irekita egongo dira, haur, gazte eta helduentzat.
Azarotik aurrera egin nahi dituzten entrenamendu klaseak, aldiz, adin-tarteka egingo dituzte. Hasierako intentzioa da astelehenetan elkartzea Elizatxo Ikastolako patioan 18:00etatik 19:00etara haurrak, eta gero helduak, beste ordubetez. Datorren astean hasteko antolatu diren klase hauek ordubeteko iraupena izango dute eta hiru zatitan garatuko dira: hasteko, beroketa, lesioak saihesteko; gero, atal teknikoa landuko da hainbat ekintzen eta jokoen bitartez; eta, amai­tzeko, luzaketak egingo dira. Maila guztietan babesen erabilera (kaskoa, belaunetakoak, eskumuturrekoak eta ukalondokoak) derrigorrezkoa izango da, praktika egokiak sustatzeko asmoz. Astarbek azaldu duenez, lehenengo urte honetan egingo diren ekintza guztien helburua da «taldea sortzea eta indartzea, baita kirola ikustaraztea ere».

Zailtasunak edonon
Taldea jada sortuta ikusten dugun arren, zenbait zailtasun izan dituztela onartu digu Garikoitz Astarbek berak: «taldea sortu baino lehen, gure kidetako bat, Haizea, irristaketa klaseak emateko lekuak topatzen saiatu zen aurreko ikasturte batean, baina ezezko erantzuna jaso zuen». Zailtasun horiek ikusita «jada sortuta dagoen Hernaniko Kirol Elkartearengana jotzea erabaki genuen eta, bere estatutuek hala diotenez, behar izan dugun laguntza eskaini digute». Hernaniko Kirol Elkartean sartu eta «hurrengo egunean» jada pistak lortu zituztela diote taldekideek harriturik.
Zalantzarik gabe, Hernaniko Kirol Elkartea herrian jada sendotuta dagoen erakundea da eta sarrera berri honekin, sei atal izango ditu aurrerantzean: boleibola, igeriketa, judoa, saskibaloia, waterpoloa eta, orain, irristaketa.

Datorren astetik aurrera irristaketa klaseak emango dituzte astelehenetan Elizatxo Ikastolako patio estalian.

Taldea sendotzea, helburu
Lehenengo pausuak emanda eta hasierako zailtasunak gaindituta, Garikoitz Astarbe arduradunak eta taldea osatzen duten patinatzaileek etorkizunera begiratzen dute ahoan irribarre bat dutela. Ametsak asko dira, baina aurtengo helburu  nagusia «talde indartsua sor­tzea da, datorren ikasturtera begira eskakizun berriak egin ahal izateko».
Patinatzaileentzat presazkoa den eskakizunetako bat kiroldegian patinatzeko aukera izatea da. Eguraldiak zerikusia dauka datorren ikasturtera begira amesten dutenarekin: «Euria egiten duenerako kiroldegiko pistak nahiko genituzke baina aurten zaila izan da eta, printzipioz, Elizatxo Ikastolako patio estalian egon beharko dugu».
Kiroldegian lekua lortzea nahiko zaila da ordutegi guztietan ekintzak daudelako, baina taldeak ez du etsitzeko inten­tziorik. Are gehiago, beren nahia zorrozten dute: «Pista bat eskatzekotan beheko pista izan nahiko genuke, barrualdean patinatzeko egurra baita material hoberena». Taldeko partaide Josuk horren zergatia azaldu du: «Goialdeko pistako materialak frenatu egiten du eta ez da egokia».
Patinatzaileen ametsak egi bihur daitezen, herritarren laguntza eskatzen dute hernaniar patinatzaileek, «talde indartsua behar dugulako». Taldeari buruzko informazio gehiagorako jar zaitezte kontaktuan Garikoitz Astarberekin: irristaketahernani@gmail.com edo 669 837 409).

 

Garikoitz Astarbe, talde berriaren arduradun

Hernaniko patinatzaileak sortu du Irristaketa Taldea eta Gipuzkoako beste taldeetako kide hernaniarren babesa jaso du.

urriko azken bi asteburuotan lehenengo pausuak eman dituen irristaketa taldearen arduraduna da Astarbe hernaniarra. Txiki-txikitatik iraka­tsi zion amak patinetan, baina duela 8-10 bat urte egin da irristaketaren zaletu: «Lagunekin Santanderrera joan nintzen oporretan, bertan bikote bat ikusi nuen irristaketan eta, hurrengo egunean, patin batzuk erosi nituen», dio Astarbek.

Ordutik, bere ofizio ere bilakatu da. Hamar urte eman ditu Araban bizitzen, non irristaketa entrenatzaile gisa aritzeaz gain, bere teknika ere hobetu duen. Hernanira bueltatu eta bere ilusioa errealitate bihurtu du: Hernanin irristaketa eskola bat sortzea.

Patinatzaile hernaniarrek, babesa
Talde berriaren sorrera Astarbek sustatu duen arren, irristaketa talde berriak patinatzen urte dexente daramazkiten irristatzaile hernaniarrak ere proiektuaren alde daude. Gabriel Zelaiako Plazan bildu ziren horietako batzuk duela bi aste «taldearen indarra adierazteko», arduradunaren hitzetan.

Hernaniar patinatzaile hauek Gipuzkoako hainbat txokotan dauden taldeetan entrenatzen dute (hala nola DonostiRollerren, Bera Berako Patin Eskolan, Tolosako Irristaka Taldean) eta hori aprobetxatuko dute «Gipuzkoako beste taldeekin harremanetan egoteko».

Hernaniarrak Klasikako podiumean
Maila gorenean dauden patinatzaile hernaniarren artean daude Sindy Santiago, Euskadiko Master 60 Txapelduna, eta Pello Aramendi. Duela bi aste ospatutako Donostiako Klasikan parte hartu zuten 300 patina­tzaileen artean egon ziren bi hernaniarrak eta emaitza onak lortu dituzte datorren asteburuan egingo den Behobia-Donostia lasterketari begira: Master 50 mailan Peio Aramendi izan zen txapeldunordea, eta Sindy Santiagok Master 60ko hirugarren postua lortu zuen.

 

Astigarragan, Patin Eskolak hainbat urtetako ibilbidea

HERNANIN ez bezala, Astigarragan irristaketa ez da kirol berria. Bertan, Patin Eskolak urteak daramazki irristaketa taldeak eta entrenamenduak antolatzen. Dena den, egoera desberdina da oso. Hernaniko irristaketa taldeak kaleko udal pistak lortu ditu; Astigarragan, ordea, kiroldegian bertan egiten dituzte entrenamenduak, ariketak eta jolasak. Hori da, hain zuzen, Hernaniko taldeak hurrengo ikasturtera begira lortu nahi duena. Haurrentzat eta helduentzat eskaintzen dituzte ikastaroak. Ikasturte honetan klaseak asteartean dira arratsaldeko 19:00etan, bai 5 eta 9 urte bitar­teko haurren kasuan baita helduenean ere. Informazio gehiago nahi izanez gero joan zaitez Astigarragako Kiroldegira edo jar zaitez Patin Eskolarekin harremanetan (patinesko­la@berabera.com edota 668 875 177).
Horrez gain, Donostiroller taldeak ere egiten ditu entrenamenduak Astigarragan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!