Hamar urte besterik ez zituen Daniel Karrerak familia osoa Zaldibiako Izarbekoa baserritik Hernanira aldatu zenean. Amaren baserrian senide asko antza, eta aiton-amonek haiek bota aurretik egin zuten ospa Karrera-Etxeberriatarrak. 1935ean, borborka zegoen herri bat aurkitu zuen mutikoak hemen, eta elizaren ondoan, frontoi txiki bat.
Zaldibiatik etortzea ez zen erraza izango, oso toki ezberdinak dira.
Zaldibian inguruko lagunak baserrikoak genituen, erdaraz ezer ez genekien, nik justu-justu “si” esaten nuen. Eskolan zortzi urterekin edo hasi nintzen eta profesorea erdalduna zen. Erdaraz zekiten herriko mutilek laguntzen ziguten, baina kanbioan eskatzen zidaten gaztaina garaian gaztainak eramateko, eta nik gauean poltsikoan sartzen nituen.
Hernanin, berriz, segituan ikasi nuen, Biterin dena erdaraz egiten zen. Benito zen irakaslea, Pablo Benito Hernaniko futbolari famatuaren aita.
Zein etxetara etorri zineten?
Portalez kanpon “parbuloen” ondoan zegoen etxe batera. Aita hargina genuen, etxeak egiten eta harriak jartzen ibiltzen zen, orduan harrizko etxe asko egiten baitzen. Gero gerra sartu zen eta dena izorratu zen.
Gerrako kontuez akordatzen zara?
Bonbardaketak hasten zirenean iheska aritzen ginen, norabait joan behar. Ahal zen tokian kaminotik kanpo ibiltzen nintzen, zubi azpi bat topatu eta hantxe geratzen nintzen. Bestela, nola Cuevas farmazia? Etxe hori egiten ari ziren eta azpi horretan sartzen ginen. Kanpandorretik sirena jotzen zuten, abioiak handik bijilatzen zituzten eta buuuuuuu! sirena jotzean jendea korrika hasten zen.
Frankistak sartu zirenean, zuek Hernanin zineten?
Hemendik joan ginen, Garmendiatarrekin, bi familia atera ginen Zumarragara. Han bagenituen izeba eta osaba, etxe bat alokatu genuen, eta hortxe egon ginen denak. Aita eta ama ohean eta besteak lurrean. Han geundela, Santanderrera alde egiteko asmotan genbiltzan, baina zer gertatuko eta Garmendia hori gaixo jarri, eta ez zegoela horrela ateratzerik. Bertan kieto geratu ginen. Frankistak sartu zirenean soldaduak arrantxoa jaten aritzen ziren eta gu haiei begira, dozena bat urte izango nituen orduan.
Noiz itzuli zineten?
Hernani nazionalek hartu zutenean, kamioian. Deskargako maldan kamioiak ezin zuen eta atzeraka hasi zen, eta akordatzen naiz nola nik badaezpada salto egin nuen. Zumarragatik Hernanira etorri ginenean prezintatua zegoen bizi ginen etxea: behealdean, baratzak-eta zituen Orkolagan, bonba erori eta gurea ere zulatu zuen. Ikusi genuenean ez zegoela hor bizitzerik, Juanito Goia zenaren etxera joan ginen, Tellerigainera.
«Txapelketa Euskal Herriko famatuena zen. Retegi, Atano... horiek denak hemendik pasa ziren eta gero egin ziren profesional»
Orduan jendea fusilatzen zuten hilerrian...
Esadazu niri! Gauean entzuten nituen kotxetik jaisten, gero boten soinua pon-pon-pon... eta hortik puska batera pun-pun! Ni erdi sonanbulu jaikitzen nintzen eta pertsiana ireki egiten nuen ea zer pasatzen zen. Haiek pertsiana soinua adituta hurrengo egunean amarengana etorri eta ea zein zebilen hor galdetu zioten: “Semea...”, “Ba kontuz ibil dadila, hurrena tiroa emango diogu eta”.
Eskolan gauzak ere majo aldatuko ziren.
Cara al Sol! Errekreotik atera eta gero sartzerakoan ere, beti Cara al Sol. Eta euskaraz ezin egin, galarazita... Baina gutxi gorabehera bagenekien zein zen alde batekoa eta zein bestekoa, eta horren arabera egiten genuen. Tristea izan da, gerra eta gosea.
Zertan ematen zenuten denbora haurrak zinetela?
Jolas asko genituen: txapatan, poxpolu kaxak hartu eta haiekin, eta gerezien hezurrarekin ere aritzen ginen. Poltsikotan beti edukitzen genituen halako zerrikeriak. Baina baloirik ez genuen...
Pilotarik ere ez?
Ez. Baina beti zegoen jendea dirua zuena eta haiek erositakoarekin aritzen ginen.
Eta pilotarako afizioa nondik datorkizu?
Zaldibiatik ekarri nuen. Nik pilota airez asko jokatzen nuen eta badakizu nola ikasi nuen? Sagar garaian. Hartzen nuen zesto bat sagar eta baserriko paretara botatzen nituen, handik atera egiten ziren berritan, eta halaxe ikasi nuen airez.
Orduan Tilosetan Ezkerpareta” esaten zitzaiona zegoen. Nolakoa zen?
Txikia. Eta haren atzean txirria zegoen, gero frontoia luzatu zutenean izorratu egin zuten, baina ez zuten batere soluziorik egin, txikia geratu zen beti ere. Txirria, hura bai frontoia, a zer finala jokatu zutena gerra aurretik, orduan ere politika hor zebilen.
Ikusi zenuen 1936ko final hura?
Ikusiko ez nuen ba! Batetik zeuden Juanito Apaolaza eta Damaso Uria, eta bestetik, Madrileño eta Ormazabal. Kristoren pikea zegoen, nazionalistak “gorrien” kontra, eta ez zuten partida bukatu ilundu egin zuelako. Txirria oso polita zen ikusteko.
Gerraostean, luistarren txapelketa hasi zenean soldaduskan zinen, nola da kontu hori?
Kasualitatea, orduan soldaduskara joan berria nintzen, 1946an. Lehenengo partidurako
baimena eman zidaten, baina irabazi nuenez, bigarrenerako baimena lortzeko Don Jose Maria [Maidagan] ibili zen, hark egin zituen gestioak. Txapelketa Euskal Herriko famatuena zen, ezkongabea izan behar zenuen parte hartzeko eta afizionatu onenak etortzen ziren: Retegi, Atano... Horiek denak hemendik pasa ziren eta gero egin ziren profesional. San Joanen aurretik hura zen festa handiena. Finalerako grada bat jartzen zuten eta euria egiten zuenerako zerrautsa beti edukitzen zuten prest.
Zuk txapela batzuk irabazi zenituen, saririk izaten al zenuten?
Ke ba! Zer sari emango zuten... bazkaria finalean. Baina kanpotarrei zerbait ematen zieten gastuentzako. Behin Juanito Olano zenari esan nion: “Guk ez al diagu merezi?”, eta berak: “Hik motel debalde jokatuko huke eta”. Hura zen hemengo oilarra, dena antolatzen zuena.
Orduko eta gaurko jokatzeko moduak oso ezberdinak izango dira...
Materiala behintzat diferentea zen, lasaiago jokatzen zen, pilotak gutxiago korritzen zuelako. Ni aurrelaria nintzen, boleaz eta gantxoz, bietara jotzen nuen. Leche deitzen zidaten, batzuk esaten dute indar handiz ematen omen niolako, eta beste batzuk tantoa galtzen nuen bakoitzean “Kauen la letxe!” esaten nuelako. Nire lagun ona Villabonakoa zen, Patxi Garmendia, atzelari elegantea.
Noiz arte segi zenuen pilotan?
Luistarren txapelketa ia desagertuta zegoen baina nik jo-katzen jarraitu nuen. Tolosan hiru txapela irabazita nago eta Donostian beste bat. Briviescaraino joanda gaude, eta ondo pagatuta gainera: gastuak eta 500 pezeta. Dirua zen orduan, hil-erdi lanean aritu behar zenuen hori irabazteko.
Kasik profesional...
Guk ez genuen eskatzen, eman egiten ziguten. Profesional eraman nahi izan ninduten, baina etxean ez zuten nahi, fama txarra izaten baitzuten pelotariek orduan, emakume zaleak zirela eta... Orduan zaila zen profesional sartzea, enpresa bakarra baitzegoen, dozena bat lagun onenak hartu eta gainerakoak fuera.
Txantxillako festetan merezitako omenaldia jasoko duzu, nola gogoratzen duzu inguru hau?
Hau dena, beheraino sagastia zen, eta goran baratzak egoten ziren. Lehengo kanposantuko toki horretan ibiltzen ginen jolasten. Akordatzen naiz 1950ean futbol kanpoa inauguratu zutenean: Antselmo Potrokillo-eta aritu ziren zelaia egiten eta lurrak mugitzen hasten zirenean hezurrak ateratzen ziren.