Gutun honen bidez zuzentzen gatzaizkizue GED dinamikak hemendik aitzina burutu nahi duen hainbat ekimenen berri emateko.
Larunbatean, urriaren 31n, herri batzarra eginen dugu Biterin eta jakina, herritar orok ditu ateak zabalik. Larunbatean bertan herri-antzerkiaren aurkezpena ere egingo dugu Ezkiagan. Bestalde, urtezaharrean Ametsen Kriseilua ekimena berriz egitea da gure asmoa. Hain izan zen arrakastatsua iazkoa!
Datorren urtean, halaber, herri galdeketa gauzatu nahi dugu, eta, esan gabe doa, ahalik eta jende kopuru anitzena geureganatzea dela xede nagusia. Izan ere, antzerkia eta kontsulta aurrera eramateak parte-hartze handia eskatuko baitigu. Herrian erreferentetzat dauzkagun norbanako, eragile eta hainbat erakunderekin elkarlanean adostuko dugu ibilbidearen nondik norakoa.
Jomugara heltzeko ez dugu bide xamurra izanen. Ez ahaztu, ordea, geurea atzeraezina dela. Eskoziarrek gauzatu zuten, baita kataluniarrek ere. Geuk ere erdietsiko dugu, Euskal Herriak eskarmentu handia baitauka arnasa luzeko erronketan.
Orain geure gabezietan sar gaitezen. Iristerik ukan ez dugun zenbait sektoretan eragiteko saio bereziak behar ditugu sortu, bide berriak jorratu: euskaldungoz at nahiko genukeen oihartzuna lortzeko gauza izan ez baikara. Ezta ere gazteen eta emakumeen presentzia geurera erakartzeko behar den ilusioa txertatzea. Aipatu sektore hauen atxikimendua lortu ezean herren geratuko gara. Honatx gure erronka: urratsez urrats horiekin guztiekin elkarlanean aurrera jotzea.
Honenbestez, orain artean bezalatsu, ildo beretik behar dugu jarraitu, liskarrak saihestuz, bizikidetza eta auzolana sustatuz, eta giro alaia eta bizipoza gure inguruan zabalduz.
Besterik gabe, zatozte herri batzarrera, etorkizuna Gure Esku Dago eta!