Izango dira 35 urte aurkitu nuela Hernaniko erdi gunean, kurtidurako arrasto nazkagarri guztiak eramaten zuen erreka zikin bat. Gaur erabat garbia, bere urak jasotzen dituen ibaiak bezela.
Pago sendo baten azpian, Adarra mendiko malkar batetan, baita ere, Akan edo Muntto errekari bizi eta poza ematen zion ur haritxo bat, bizkor asko menditik bera dijoana; bere garaian bi errotaren energi iturri eta Portu auzoko umeen jolas eta igerileku zelarik, duela gutxienez 60 urte.
Nahiz eta mende erdi batetik hona hilda aurkitu, azken urteetan eta egunetik egunera bizi arrasto nabarmenak ikusten ziren: amuarrainak, eskaluak… Gaur egun eta irailetik hona, erabat hilda, eta ez dut inongo eragozpenik Iparlat esne enpresari begiratzeko ixuriaren eragile gisa.
Berarekin batera, aipatu behar ditut Gipuzkoako Foru Aldundia eta URA agentzia; horregatik sentitu naiz behartuta, salaketa jartzera bi udaletxe eta aipatutako bi instituzioetan.
Zergatik jarri behar dute beti gutxi batzuen interesa gehiengoaren interesaren gainetik? Ingurumen gaietan elkararduratasuna eskatu behar da, beste modura guztion onurak modu txarrez erabiltzeko arriskua suertatzen delako, eta hori Gipuzkoan, azkeneko urte gutxi hauetan, hala izan da.