Berriz ere berdinean

Erabiltzailearen aurpegia Ion Azpiazu Goñi 2015ko urr. 23a, 02:00

Udazkena iritsi da, eta honekin batera, hego haizeak epeldutako asteburuak; eta baita gau atseginak ere, ondo pasa nahi dutenentzako aproposak; baina ez hainbeste, deskan­tsatu nahi dugunontzat.
Mahai gainean, dibertsioa eta deskantsuaren arteko oreka; errespetua eskatzen dugu. Izan ere, ez gara ohean egoten garenak, hori galtzen dugunak.
Pasa den urriaren 11tik 12rako gauean, arratsaldeko 20:00etatik au­rrera, Hernaniko Kaxkoan eta inguruko kaleetan gazteriaren iskanbila eta poza sumatzen ziren; batzuetan, neurri gabe, edanez, oihu eginez, zikinduz... errukirik gabe.
Urte hasieran, Alkateak zioen Txotxa gure kultura dela. Zalantza dut, orain egun gutxi Andrekaleko goiko aldeko ganberradek zerikusirik ote duten Txotx denboraldiarekin eta sagardotegiekin. Ez da, ezta ere, gure kulturaren parte neska-mutilak kaletik mozkorrak ikustea, goizaldeko 04:00etan.
Udaltzaingoaren pasibotasuna justifikatzen zuen Alkateak, esanaz, Andrekalen hauen presentzia probokazio bat izan zitekeela. Kalea segurua bada, Udaltzaingoa ikusi nahi dugu ordenantza eta legea betearaziz. Eta segurua ez bada, ez al litzateke dagokion protokoloa aktibatu behar?
Jakin nahiko nuke Alkateak bisitariei lehentasuna ematen dien, Hernanin nahi dutena egiten uzten dien, bizilagunok sufritzen dugun guztiaren gainetik denak balio ote duen; urteak joan, urteak etorri, ganberradek hor jarraitzen dute.
Ea ba, Luis, noiz entregatuko dizkiezu Kaxkoko bizilagunei joan den Gabonetan eta txotx denboraldian egindako soinu neurketak? Edo akaso, zaintza kamaren modura, ez ziren jarri?
Udaltzaingoa ikusiko al dugu Andrekaleren goialdean behar den guztietan gauez paseatzean?
Ordenantza munizipala beteko al duzu, zure eginbeharrak dioen moduan eta Kaxkoko bizilagunek eskatzen dizuten moduan? Edo bisitariek lehentasuna izango al dute deskantsurako eskubidea duten herriko semeen gainetik?
Zorionak herrian beharra dutenak hartzeagatik eta babesa emateagatik, baina ez jarri gure gazteen eta herriaren beharren aurretik. Gabezia asko ditugu, ezta Luis?

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!