Zer moduz zaude?
Duela bederatzi urte pasa, Hernaniko gizon talde batek IZAN GIZON mugimendua abiarazi zuen. Garai haietan, gizarte parekidetsuago bat eraikitzeko helburua zekarkien nagusiki. Horrez gain, gizonek intimitatean eta lasaitasunean elkartzeko ditugun espazio urriei irtenbidea eman nahi zion, hausnarketak partekatzeko:
- gizonok ditugun harremanetaz, lanean, etxean, lagunartean...
- hainbat ingurunetan hartzen ditugun rolei buruz: kirol-jardueretan, hezkuntzan, jai-giroan...
- eta gure inguruneak eraldatzeko esperientziak eta saiakerak trukatzeko.
Ordutik hona, urte mordoa pasa da eta IZAN GIZONek bere ibilbide mamitsu bezain aberasgarria egin du. Talde honetatik adin eta jatorri ezberdinetako 50 lagunetik gora pasa dira; gizon hauek hamaika ekimenetan parte hartu dute eta emozio eder askoak bizi izan dituzte. Hori guztia iragana da; eta IZAN GIZONek orainaldia eta etorkizuna izaten segi nahi du.
Aurten 10. urtebetetzea dela eta, bultzada berri bat eman nahi genioke. Partaide berriak aurkitu nahi ditugu, elkar aberasten jarrai dezagun. Munduak aurrera egin duen arren, gizarte patriarkal honetan, emakumeak bezala gizonok ere, eguneroko bizitzan kate astunak daramazkigu; IZAN GIZONek hauetatik elkarrekin askatzeko esparru bat eskaini nahi die gizonei, zenbait espazio deskonkistatu eta eremu berri batzuetan jarduten hasi behar eta nahi dugulako. Aldi berean, gizonak eta feministak izan gaitezkeela uste dugu, eta mundu justuago eta parekideago baten aldeko borrokan darraigu IZAN GIZONen.
Hau guztia dela eta, hilabeteko bigarren asteazkenero elkartzeko gonbitea luzatu nahi dizugu, Hernaniko plaza feministan (Aristizabal 7), arratsaldeko 18:30etatik aurrera. Gonbita luzatu nahi dizugu baita ere, urriaren 23an 19:00etan Biteri kultur etxean antolatu dugun “Ez gara Palestinaz ari”, bertsoa, antzerkia eta musika uztartuko dituen emanaldira etortzeko.
Informazio gehiago nahi izanez gero, idatzi izangizonhernani@gmail.com helbidera eta plazer handiz jarriko gatzaizkizu zurekin harremanetan. Facebook-en ere “Izan Gizon Hernani” orrialdean aurkituko gaituzu.
Zoriontsu izan eta IZAN GIZON!