Berriro bueltaka
Izango dira 35 urte aurkitu nuela Hernaniko erdigunean kurtidurako arrasto nazkagarri guztiak eramaten zituen erreka zikin bat. Gaur, erabat garbia, bere urak jasotzen dituen ibaia bezala.
Pago sendo baten azpian, Adarra mendiko malkar batean ere, Akan edo Muntto errekari bizia eta poza ematen zion ur haritxo bat zegoen, pizkor asko menditik behera zijoana; bere garaian bi errotaren energia iturri eta Portu auzoko umeen jolas eta igerileku zena, duela gutxienez 60 urte.
Nahiz eta mende erdi batetik hona hilda aurkitu, azken urteetan, eta egunetik egunera, bizi arrasto nabarmenak ikusten ziren: amuarrainak, eskaluak… Gaur egun, eta irailetik hona, bat hilda, eta ez dut inongo eragozpenik Iparlat esne enpresari begiratzeko, ixuriaren eragile bezala.
Berarekin batera aipatu beharrean sentitzen naiz Gipuzkoako Foru Aldundia eta Ur Agentzia URA, horregatik sentitu naiz behartuta salaketa azaltzera bi udaletxe eta aipatutako bi instituzioetan.
Zergatik beti gutxi batzuen interesa jarri behar dute gehiengoaren gainetik? Ingurumen gaietan denen arteko ardura eskatu behar da. Bestela, guztion onurak modu txarrez erabiltzeko arriskua suertatzen da, eta hori Gipuzkoan, azkeneko urte gutxi hauetan, hala izan da.
Iulen Lizaso Aldalur