Hassanna Aalia saharar errefuxiatuaren atxiloketaren berri izan nuen atzo arratsaldean. Gauean, aurreko egunetako egunkariak irakurtzen ari nintzela, hiru albiste hauekin egin nuen topo:
1.-Marokoko Gobernuak suediar konpainia guztiei boikota egingo diela iragarri du. Joan den asteko asteartean, irailak 29, Casablancako Gobernu Zibilak IKEAren merkatal gune baten inaugurazioa galarazi zuen suediar enpresari ziurtagiri bat falta zitzaiolako. Hurrengo egunean agerraldia egin zuen Gobernuko bozeramaleak: "Boikotak arrazoi politiko eta ekonomikoak ditu, Suediak denbora asko darama marokoar konpainien interesak kaltetzen EBean. Marokoar Gobernuak uste du Suediako Legebiltzarra Saharar Errepublika aitortzeko egitasmo bat onartu nahian dabilela, eta Marokok ez du bere egonkortasunaren, bere lurralde batasunaren eta bere interes komer–tzialen aurkako mehatxurik onartuko".
Suediako Enbaxadak argitu nahi izan zuen bere Gobernuak ez duela Mendebaldeko Sahara Estatutzat onartu, baina gaiari buruzko azterketa politikoa egiten ari direla suediar gizartean arazo honen inguruan piztu den interesagatik.
2.- Joan den asteko asteartean hamar saharar gazte independentista atxilo hartu zituzten, Dajlan, Hasan al Uali preso independentistaren heriotzaren lehen urteurrena oroitzeko kalera irten zirenean. Al Uali Dajlako Ospitale Militarrean hil zen, 43 urte zituela, medikuntz-arduragabekeriaren ondorioz.
3.- Urriaren 1ean, NBEaren 70. urteurrena ospatzen zen egun berean, Marokoko Errege Mohamed VI.aren hitzaldia entzun zen erakundearen Batzar Nagusian, Mulay Rachid oinordeko printzearen ahotik. Erregeak argi utzi nahi izan zuen uko egingo diola Saharari buruzko arduragabeko edozein abenturari. Ohartarazi zuen NBEaren lanak ez duela ezegonkortasun faktore izan behar kooperazio aldeanitza bultzatzen duten herrialdeentzat. Eta itxaropena agertu zuen NBEa ahalegintzen jarraituko dela desadostasunak bide baketsutik konpontzeko, herrien lurralde osotasunarekiko duen konpromezuari eutsita.
Sahara aipatu orduko deseroso, urduri eta erasokor jartzen da marokoar Erresuma.
Marokoar Estatuaren eskua egon ote den Hassannaren atxiloketaren atzean, galdetzen nion nere buruari atzo lo hartu aurretik albiste horiek irakurri ostean.
Nere elkartasuna helarazi nahi diot Hassannari, bihotzez.