Gontzal Mendibilek joan den astean GARAn idatzitako gauza batzuekin bat nator, “Agur jaunak eta andreak...” abestia dela-eta, baina uste dut ekitaldi publikoetarako usadioko kanta horrek ez dituela betetzen garai honetarako gutxieneko baldintzak. Beste gauza da EHUko abesbatzakoek egin dutena, musikaltasunaren aldetik desegokia, Gontzalek salatzen duen bezala, eta, sinesgaitza bada ere -Euskal Herriko Unibertsitatean!-, ez dute hizkuntza batuarekiko betekizuna zaindu. Txapuza bat alde guztietatik. Presaka eta historia desitxuratu nahi izatearen ondorenak, adiskidea. Beraz, berri bat sortu eta pakean utzi lehengoa. Goian aipatutako egoera berezi horietatik aparte, askatasuna bermatu behar da, bakoitzak nahi duen abestia, kuadrilla, elkartea, alardea... antolatzeko. Euskal ondare musikala desitxuratuta geldituko dela dioen kontu horri buruz, Gontzalek espantu pixka bat dabilkiela iruditzen zait. Zentzu gehiago suposatzen diot euskal jendeari. Ez da hasiko, noski, makilazoka (Gasteizko Blusa eta Nesken aurkako erasoan bezala) “Hator hator mutil etxera...”, “Itziarren semea...” JATORRAK galarazteagatik edo abestu nahi izateagatik!