Euskal Herriak ez du ezagutu, azken 175 urteotan, gatazka bizi izan ez duen belaunaldirik. Modu batean edo bestean, ondo asko ezagutzen ditu gatazka etengabean bizitzeak dituen ondorioak. Orain ia lau urte, Aieteko nazioarteko bake konferentzian, gatazkaren behin betiko konponbiderako aukera eta esperantza ireki zitzaizkion Euskal Herriari.
Orduan, nazioarte osoaren begiradapean, aldebakartasunez hainbeste denboran amestutako bakea lortzeko bideari ekin genion.
Esperantzaz beteriko une haiek, ordea, oztopo ugari ezagutu dituzte; herri honek bakean bizitzeko hartutako erabakiaren aurka, Estatu espainiar eta frantsesek, elkarlanean, bidea zapuztea erabaki dute. Ez dute bakerik nahi; gatazkan bakean baino erosoago sentitzen direlako.
Baina bakean bizitzea erabaki du herriak. Konponbiderik nahi ez dutenen aurrean, gatazka etengabean aritu nahi dutenen aurrean, hitza eta erabakia nahi dituena. Erabakia eta bakea.
Beste behin, herri gisa jokatzeko erantzukizuna eta betebeharra dauzkagu. Ezin diegu hutsik egin bakea amets izatetik errealitate izatera igarotzeko hainbeste lan egin duten milaka eta milaka herritarrei.
Horregatik, Euskal Herriari eta geure buruari bi deialdi egin nahi dizkiegu. Lehena, jarrai dezagula bakearen bidean urratsak ematen, elkarbizitzan eta bakegintzan eredu izaten. Jarrai dezagun, bakoitzak guretik, dagokiguna eginez, herri bezala bakea eraikitzen.
Bigarren deialdia, larunbatean, urriaren 3an Donostiako kaleetan 17:00etatik aurrera, «Bakea, erabakia» lelopean egingo dugun manifestazioan parte hartzea. Bihur ditzagun Donostiako kaleak behin betiko bakera eramango gaituzten bide. Gure herriak gatazkarik ezagutuko ez duten belaunaldi berriei ongi etorria egin diezaien.