Gure Etxola eta Kardaberaz parkearen (lehen Goiz Eguzki) artean dagoen finka erabat utzita dago, eta honek zaildu egiten du bertan dagoen pinu batera gerturatu ahal izatea. Pinu horretan hain zuzen, egin du abia liztor asiatikoak.
Finkak duen utzikeriaren salaketa behin eta berriz egin zaie Goiz Eguzkiri, Kaxko bizilagun elkarteari, basozainari, Udaltzaingoari, Udalari eta finkako jabeei. Jakinarazi zaie, baita ere, katu basati asko bizi direla bertan, eta oso atseginak ez diren beste zenbait animalia ere bai.
Gure Etxolako zuzendariak zuzenean deitu zion finkako nagusiari, eta honi esker lortu da finkako sastraka batzuk kentzea. Agerian geratu da ordea, finkaren egoera penagarria, zabor asko baitago pilatuta.
Inguruan bizi diren bizilagunak ere beldur dira gertatu daitekeenarekin; hau da, noizbait sua sortzen bada, eta haizeak areagotzen badu... Kontuan izan behar da, Kaxkoko etxe gehienak egurrezkoak direla.
Espero dugu, nahiz eta pilatuta dagoen sasi eta zaborrekin zaila izan den gerturatzea, liztor asiatikoaren kontra hartutako neurriak nahikoak izan izana.
Salaketa publikoa beste biderik ez zaigu geratzen, neurriren bat hartu behar duenak gaia merezi duen seriotasunarekin hartzen duen edo ez ikusteko.