Joan den irailaren 15ean, asteartean, mendian gindoazela, ezustean eta zirt-zart, heriotzak eraman egin zintuen Montxo. Ezin sinistu geratu ginen, ni neroni lehendabizi, semeak eta senitartekoak ondoren berri madarikatua eman nienean. Eraman egin zintuen bai, ze kolpea!!! Ikaragarria!!! Zergatik zu? Zergatik orain? Zergatik? Zergatik?... Baino heriotzak ez du guztia eraman, ez horixe, zure irriparra, zure hitz jarioa, zure bizi-poza gurekin gelditzen da, gure oroimenean, gure bihotzetan, barren-barrenean. Eta zin dagizut Montxo, benetan, Hernaniko zenbat eta zenbatek erakutsi diguten egun hauetan, beraientzat ere ez zarela joan, negar malko bakoitzean ikusi dugu maitasunez gogoratuko dizutela, aurpegi ilun bakoitzean igerri dugu zutaz oroituko direla guztiak, herriko kale bazter guztietan entzungo direlako zure algarak eta musika. Betirako. Familiako guztiak, hurbil eta urrunekoak, guztiok besarkada luze eta estu batean eduki gaituzue, mila esker bihotzez eta muxu potolo bana guztiei. Lagunak, bizilagunak, koadrillakoak, kale bueltakoak, zahar eta gazte, semeen lagun eta adiskideak, arraun elkartekoak, txarangakoak, lankideak… ezin adierazi hitzekin gure eskerrik beroenak, gure eskertza, jaso dugun maitasun eta goxotasun guztiagatik, une oso latzak direlako, oso gogorrak, eta ikusteak, Montxo, jendeak zenbat maite zintuen….kemena eta indarra ematen du. Erabat babestuta sentitu gara, maitatuak, eta zuri zor dizugun maitasunaren izenean, guzti guztioi eskerrak eman nahi genizkien. Mila mila esker gurekin, modu batera edo bestera, egon zareten guzti-guztioi, benetan, bihotz-bihotzez. Ez dugu inoiz ahaztuko. Agur eta Ohore, Montxo!!!