Odon Elorza jaunak honela esan zuen garai hartan: “Ez dituzte erraustuko nire ekologia, jasangarritasuna eta hondakinen tratamendu aurrerakoiagoen aldeko sinismenak.” Hala esaten zien Elorza jaunak errausketaren aldeko apustua egin zuten alderdiei, bere barne. Karta ireki batean adierazi zuen hau. Ez zuen egoera erreza Elorza jaunak garai hartan, batetik San Markoseko zabortegia itxi beharra zegoen eta bestetik Aldundian eta Mankomunitateetan ziren agintari politikoek errauskailuaren azpiegitura kokapena Donostiak konpondu beharreko auzia zela erabaki zuten. Jakina da, Urnieta eta Amasa-Billabonan ezin zirela kokatu herritarren haserrearen beldurrez. Hortik aurrerakoak berdin zuen, Arizeta, Landarbaso, Zubieta... erabakia hartu eta aurrera.
Nik ere bat egin nahi dut Elorza jaunak esandako haiekin, badira hondakinen bilketan eta tratamenduan aukera ekologikoagoak, jasangarriagoak eta aurrerakoiagoak. Soberan dira ordea konponbideak topatzeko besaulki beltzez apaindutako bulegoetan izandako karta jokuak. 8 urte behar izan zituzten hondakinen plana eta kokapena zehazteko.
Herritarren bultzadak eta ezker abertzaleak harturiko konpromisoak irtenbidea badugula azaldu digute.
Jasangaitzak ziren orain dela urte gutxi hilero-hilero astigartarrok sortzen genituen 70 tona zabor edo errefusa. San Markos Mankomunitatearen datuek diotenez bi urte hauetan astigartarrok hilero 20 tona zabor edo errefusa sortu ditugu. Ez da ez salto makala. Txingurri lana. Inoren sukalde edota etxe atarian ez dut uste izerdi putzu haundirik egin denik.
Lehenengo mailan dugu Astigarragako herria, Europako herririk aurreratuenen artean, hondakinen tratamenduaren inguruan 2020. urterako bete beharrekotzat diren aginduak gure lurraldeak beteko ditu bai guregatik bada.