Donostiako Zinemaldiaren 63. edizioan euskal zinemak bere presentzia mantenduko du. Asier Altunaren Amama Sail Ofizialean egongo da, aurreko urtean Jose Mari Goenaga eta Jon Garañoren Loreak filmarekin gertatu bezala. Aurten Donostia Sari bakarra egongo da eta Emily Watson aktore estatu batuarrak jasoko du. Mundu osoko proposamen interesgarriak ikusteko aukera izango da aurtengo edizioan. Gaur hasi eta irailaren 26ra arte.
Our Little sister - Irailak 20, 21 eta 22
Hirokazu Koreeda zuzendari japoniarra zinemaldiaren klasiko bat da. Duela bi urte publikoaren saria irabazi zuen Like father, like son filmarekin. Hiru ahizpek haren aita hil denean beste ahizpa bat dutela jakingo dute eta hura haien etxera eramango dute. Lauren erlazioa nola indartzen den erakutsiko digu zuzendari japoniarrak aurkeztu duen filmean.
Amama - Irailak 20, 21 eta 22
Aurreko urtean Loreak filmak historia egin zuen, Sail Ofizialean euskara hutsean errodatutako lehen filma izan zelako. Pauso horren ostean, Asier Altunaren Amama ikusteko aukera izango da Sail Ofizialean. Bergarako zuzendariak baserri mundura eramango gaitu, bertan Amaia mundu horrekiko hausturaren bila dabil. Hiria eta baserriaren artean dago Amaia, zaharraren eta berriaren artean, gurasoekin gatazkan. Amama bitartean, begira dago.
Taxi Teheran - Irailak 22, 23 eta 24
Jafar Panahi zuzendari irandarrak Teherango taxi batean gertatzen denaren kronika egin du bere filmean. Bera da gidaria eta bolantearen ondoan jarri du kamera. Bezero guztiek hitz egiten dute Panahirekin eta orotariko hizketaldiak daude. Gizarte irandarraren egoera aztertzeko aukera ematen du filmak, komedia eta drama uztartuz.
Freeheld - Irailak 23, 24 eta 25
Julianne Moorek eta Ellen Pagek, Laurel Hester eta Stacie Andréeren istorioa ekarriko dute pantaila handira. Laurel Hester Estatu Batuetako polizia izan zen eta minbizia diagnostikatu zioten 2005ean. Bere pentsioa bere bikotekideari emateko arazoak izan zituen, haien erlazio homosexuala ez zegoelako ondo ikusia epaileen artean. Berdintasunaren aldeko borroka izan zen Hester eta Andréek egindakoa. 2007an Cynthia Wade zuzendariak haien istorioaren dokumental bat egin zuen eta horretan oinarritua dago Zinemaldian ikusiko den Peter Solleten filma.
Lejos del mar - Irailak 23, 24 eta 26
Imanol Uribe zuzendariaren azken filmak preso ohi baten bizitzara gerturatuko gaitu. Santik, kartzelatik atera ostean, hegoaldera egingo du bidaia bere zelda kidea bisitatzeko. Bertan Marina ezagutuko du, bere biktima baten alaba. Iraganeko mamuek presentzia hartuko dute. Imanol Uriberen lana Almerian errodatua dago eta zer esana emango du.