Munduko Osasun Erakundeak aitortu egin du: «probablea da glifosatoak minbizia sortzea pertsonari». Fran–tzian jada, debekatzen hasi dira hainbat esparrutan. Hernanin erabili egiten da.
Glifosatoak hainbat erabilpen ditu: etxeetako lorategietan emateko, nekazaritzan belar txarrak kentzeko, kaleetako bazterretako belar edo landare ez-desiatuak kentzeko edota ingurune babestuetan ere, landare inbaditzaileekin akabatzeko. Eta ondorioak, beste hauexek: pertsonetan, haurdunaldiko fase enbrionarioetan kalteak, abortoak, haurren gaitasun mentalean atzerapenak, infertilitatea, akzio mutagenikoak, minbiziak (Hernanin asko ari da igotzen) eta ur-ekosistemetan zer esanik ez (gutxiri inporta zaie azken hau, gertatuko zaigunaren inguruan pista bat emateko balio digun arren).
«Aki, produkzion!!» diote baserritar askok (barazki produktoreek, sagardogileek…); ez denek zorionez. Ez naiz ni izango beraiek kritikatuko dituena, alderantziz, nahiko lana eta meritu badaukate gure hizkuntza zaharra eta nortasuna mantentzeaz gain euren lanarekin. Laguntza behar dute. Baina konturatu egin beharko lirateke, kaletarrez gain (azken batean euren produktuak kontsumituko dituena), eurek direla biktima potentzial zuzenak: beren emazteak, beren seme-alabak, beren senarrak… Are gehiago, landa munduan gezurra badirudi ere, erabilitako kimikoengatik gaixotasun gehiago izaten dira. Beste ondorioak: erleen gaxotasunak, xomorroen galerak (ipurtargiak, amonamanttangorriak… non dira?), erreken kutsadura…
Hernaniko kaleetan herbizidak botatzen dira. Lege permisiboenak ere, debekatu egiten duela bere erabilera esparru publikoetan, eta behartu zehaztera, zer den pozoinduko dena eta ordu batzuz debekatu eremu horretara sarrera pertsonei (beste hainbat zehaztapenen artean). Ez dakit noren erantzukizuna den, Udalarena edo pertsona ero batena akaso. Baina guztion hobebeharragatik, eskatuko nuke mesedez, utzi diezaiola herbizidak erabiltzeari haurrez beteriko gure kaleetan, eta ez dezala inoiz glisofatoa bezalako pozoirik erabiltzeko tentaziorik izan.