Larunbatekoa Burgos eta Kantabria bereizten dituzten kareharrizko La Peña Lusa (1.575 m) eta La Rasa (1.530 m) gailurren artean izango da. Igandekoan Lunadako zirkuaren bizkar aldean barrena izango da, Collados de Asón izeneko begiratokitik pasatuz. Zeharkaldian hainbat tontor igaro beharko dira, hala nola: Pico Veinte (1.512 m), Pizarras (1.481 m), Carrío (1.437 m) eta Porra de la Colina (1.442 m).
Bi ibilbideak zeharkaldiak dira; bietan igo eta jaitsi leku desberdinetatik egingo da. Bazkaria eta ura motxilan eraman behar dira, inguru hauetan ez baitago iturririk.
Harrizko laberintoan barrena
Bigarren ibilbidean Castros de Horneo izeneko eremu karstikoa ezagutzeko aukera izango da. Eremu hau Laberintos de Asón izenarekin ere ezagutzen da. Milaka urtetan urak eginiko higadura lanak labirinto moduko bat eratu du. Bidea kareharrizko horma bertikalek osatzen dituzten pasillo estuetatik zehar doa.
Bidean sartuta, urak harkaitza zizelkatzerakoan irudikatzen zailak diren forma bitxiak ikusi ahal izango dira. Bidearen norabide aldaketek harrizko labirinto batean zeharkatzen ari garela sentiaraziko digu. Tarteka, bideak horma bertikal ikusgarriekin harrituko gaitu. Eguzkiaren argia apenas sartzen da, eta giroa benetan ‘magikoa’ bihurtzen da. Ikuskizunak naturaren handitasunaren aurrean zein txikiak garen ohartaraziko digu.
Bi ibilbideak zeharkaldiak izango dira; igo eta jaitsi leku desberdinetatik egingo da.
Bi egunetan eraman beharko dira ura eta bazkaria motxilan.
‘Zaldi buztan’ ur-jauzia
Igandeko ibilbidean Collados de Asón izeneko begiratokitik pasatuko gara. Bertatik Asón errekak sortzen duen 70 metro inguruko ur-jauzia ikusteko aukera izango da. Erreka ur-jauzitik metro batzuk gorago dagoen Peña de Azalagua kobazuloan jaiotzen da. Iragazitako urak lur azpitik irten eta berehala ‘zaldi buztan’ moduko ur-jauzi batetik haranera murgiltzen dira. Ur-jauzia ‘Cascada Cailagua’ izenarekin ezagutzen da. ‘Cae el agua’ esalditik eratorritakoa omen da. Ur-jauziak ur gutxi badarama, ez da oso ikusgarria, baina ur askorekin, ordea, bai.
«Ikuskizunak naturaren haunditasunaren aurrean zein txikiak garen ohartarizko digu»
Aurreneko ibilbidearen ondoren, pagadian atsedena
Larunbatean, Portillo de Lunadatik (1.327 m) abiatu eta La Peña Lusa (1.575 m) gailurrera igoko gara. Bertatik jaitsi eta La Rasa (1.530 m) igoko gara. Zeharkaldi erdizirkularra izango da. Beraz, bide batetik igo eta bi gailurretatik igaro ondoren, beste bide batetik jaitsiko gara haranera. Jaitsiera, inguru hauetan dagoen pagadi zoragarrienetako batetik barrena egingo da.
Ibilbidea Portillo de Lunadara igotzen den errepidera iristerakoan amaituko da. Bertan autobusa hartu eta Espinosa de los Monteros herriko aterpetxera joango gara. Herritik kilometro eskasera harizti zoragarri eta ikusgarri bat bisitatzeko aukera dago.
Begiratokia, azken puntua
Igandean, Portillo de Lunada izango dugu berriro abiapuntu, baina oraingoan, iparralderantz joko dugu Pico Veinte (1.512 m), Pizarras (1.481 m) eta Carrío (1.437 m) lotzen dituen gailurrerian barrena.
Ondoren, ekialdera eginez, igandeko azken gailurra igoko dugu, Porra de la Colina (1.442 m). Behin bertatik jaitsita, Castros de Horneo deritzon paraje ikusgarrian “galduko” gara lapiaz, dolina, haitzarte, arroila, harpe eta leize artean. Castros de Horneo eremu labirintikoa atzean utzita, pista batera jaitsi eta Collados del Asón begiratokira eramango gaitu.
Datu interesgarriak:
Denbora: larunbatean, 3-4 ordu; igandean, 6 ordu.
Desnibel metatua: larunbatean, 500 m gorantz eta 630 m beherantz. Igandean, 475 m gorantz eta 1.030 m beherantz.
Gailurrik altuenak: larunbatean, La Peña Lusa (1.575 m), eta igandean, Pico Veinte (1.512 m).
Zailtasun berezirik gabeko bi zeharkaldi.
Beharrezko materiala: mendiko material arrunta.
Mendiriz Mendik irailaren 26 eta 27an egingo du irteera hau.
Nola iritsi: N-1 errepidetik Pancorbo herriraino (Burgos) joan. Bertan Cornudilla herrira doan N-232 errepidea hartu. Cornudilla pasa eta kilometro batzuk aurrerago, Oña pasa ondoren, Medina de Pomar aldera egin behar da N-629 errepidea hartuz. Errepide horretatik El Riberora joan eta bertan Espinosa de los Monteros herrira eramango gaituen BU-542 errepidea hartu.