Biak bat

Erabiltzailearen aurpegia Beñi Agirre Oiartzabal 2015ko abu. 14a, 02:00

Biak bat

Hernaniar askok uste dugu Nafarroako bandera eta ikurrina elkarren ondoan eta Euskal Herri osoan jarri be­har direla. Nafarroa Garaian ahalegin handia egin da ikurrina instituzioetan jartzeko. Kostatzen ari da, baina badoa. Gainerako lurraldeetan traba gutxiago beharko luke ikurrina bezain gurea den bandera gorria balkoietan zintzilikatzeko. Hala ere, gure herriaren historia ezagutzen ez dugulako edo, kostatzen ari da, baina badoa.
Euskal herritar ororen me­morian beharko luke abuz­tuaren 15eko data. 778koa zehazki. Egun horretan baskoiek sekulako garaipena lortu zuten Karlo­mag­noren aurrean. Egun horretan eman zuten euskaldun haiek denok bilduko gintuen Estatu subiranoa sortzeko lehenengo urratsa, gero bandera nafarra ikur nagusitzat izango zuena. Auzoko inperioek Nafarroa suntsitu egin zuten eta XX. mendean  euskaldunek ikurrina ikusi zuten independentzia hura berreskuratzeko sinboloa. Hortaz, euskaldunok bi bandera ditugu? Ez, ez dira bi, gauza bera baizik.
Hori guzti hori gogoratzeko eta garaipena ospatzeko, abuztuaren 15ean bilduko gara Orreagan. Ibañetan jokatuko da bataila gogora­tzen duen antzezpena eta ondoren, anaiarteko bazkarian elkartuko gara aurretik izena eman dugunok. Oraindik ere askok pentsa­tzen dute Orreaga oso urruti dagoela eta hura beste herri baten kontua izan zela; baina ez, ez gara bi herri, bakarra baizik. Abuztuaren 15ean jarri biak balkoietan.

Beñi Agirre Oiartzabal

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!