Uztailaren 25a: Santiago y cierra España

Erabiltzailearen aurpegia Beñi Agirre Oiartzabal, Hernani Errotzen elkartea 2015ko uzt. 24a, 02:00

Nahiz eta egun batzuk lehenago Albako dukeak nafa­rron hiriburua menderatua izan, errege-erregina eta bu­ru­za­gi­ak erbesteratuak eta bertako biz­tanleria ikaraz etxe zuloetan ezkutaturik egon, Gaz­telako ejertzitoak uztailaren 25a arte itxaron zuen Iruñean sartzeko. Konkista sinbolikoa eta zi­gor­tzailea izatea behar zu­ten. Eta lortu zuten.
1512ko Santiago egunean Albako dukeak zuzentzen zituen tropa gaztelarrak, gaztelaniatutako hainbat gipuzkoar, arabar eta bizkaitarren laguntzaz, euskaldunon hiriburu historikoa mendean hartu zuten. Hogei urte lehenago Granadako erresuma deuseztatu, eta hamar urte eskas Ameriketako sarraskiari hasiera eman zietela, Nafarroaren konkista burutu zuten. Portugal gabeko penin­tsulan geratzen zitza­ien azken lurralde librean sartu zituzten euren fusilak eta kanoiak. Espainia sortu zuten orduan eta apostolua bihurtu zuten itxieraren sinboloa.
Delako saindu honi beste eginkizun batzuk ere eman zizkioten, Santiago matamorosena, adibidez, matavasconabarros ere izan zitekeena. Denak Espainiarren krudelkeri eta lotsagabekeriarekin lo­tu­ak. Euren sinboloa da, eu­ren erreferentea. Apostolu sain­du eta espainiarra da batez ere. Galizian lurperatua dagoela diote, baina gezurra da. Santiago ez zen inoiz Pe­nin­tsulan egon eta Com­pos­te­la­ko hilobian artzain baten he­zurrak baino ez ziren aurkitu.
Hala ere, eliza ofizialak bedeinkatzen duen erromesaldian milaka pertsona dabil urtero sineskeri horretan. Tartean, ehunka euskaldun, 1512ko uztailaren 25 hartan bezala, engainatuak eta ezjakinez biluzturik. Santiago eguna egun gogaikarria da nafar guztiontzat, baita hernaniarrontzat ere.
Horregatik eta beste ha­mai­ka arrazoiengatik ere Her­nani Errotzen memoria historikoa elkarteak eskatu dio Hernaniko udalari uztaileko egun hauetan nafar bandera xingola beltzez markatua jartzea Udaletxeko balkoian. Bide batez, eta lerro hauetaz baliatuz, gauza bera egin dezaten eskatzen diogu Hernaniko herritar orori.
 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!