Joan den ekainaren 13tik Astigarragako udalak EAJ-PNVren gobernua dauka. Desanexiotik lehen aldiz. Izan ere maiatzaren 24an bozka eman dugun astigartar gehienok Jesusmari Santos nahi izan dugu Astigarragako alkate. Zenbaitzuk, antza, ez zuten halakorik inondik ere espero eta autokritika sanoa egin ordez euren porrota gobernu berria eusten duen alderdia irainduz zuritu nahiean dabiltza. Ulertzekoa da agintea utzi behar izan duen koalizioak errealitate berria onartzeko daukan zailtasuna. Gu ere oposizioan izandakoak gara eta badakigu zer diogun baina inola ere onartuko ez dieguna da gure udal gobernua deslegitimatu nahiean batzuk hasi duten bide itsusia. Gobernua galdu izanaren erantzukizuna estaltzeko balio dakieke. Baina EHBilduren komisario politikoen postureoaz haratago (inbestidura plenoan, Kronikako idatzietan) bozka eman dietenei esplikatu beharko diete zergatik ez diren gai izan PNVrekin edo/eta PSErekin gobernu akordiorik lortzeko. Esplikatu beharko diete zeintzuk izan diren gobernua galtzera eraman dituen inposaketak.
EAJ-PNVkook astigartar guztiak aintzat hartuz gobernatzeko helburuaz aurkeztu ginen hauteskundeetara. PSEren ordezkariak begi onez ikusi du Astigarragarako daukagun bide-orria. Horrexegatik hain zuzen ere 1358 gara Jesusmari alkate eta EAJ gobernuan jarri ditugun astigartarrak.
Baina EHBilduren ustez PNV ez da aski Astigarragarako, ez da aski abertzale, ez da aski euskaldun. Zeren arabera halako sententziak? Euskararik ez dakiten euren zinegotzi edo/eta zaleek ez al diote ba herriari ekarpenik egiten? Eurenak bai baina beste alderdietakoek ez?
EHBildu oso trebea da auzoaren gabeziak seinalatzen baina has dadila bere etxetik, nahiko lan dauka eta...