Egun batzuk igaro dira Astigarragan PSEk PNVri alkatetza eman zionetik eta egun hoiek hartu nahi izan ditut, hitz hauek saminetik idatziak izan ez daitezen.
Inor ez du harritu bi alderdi hauen ezkontzak, baina zergatik? Ba ziuraski, PSEk sozialistatik adina duakalako PNVk euskal nazionalistatik.
Bigarren hari mutur horri heldu nahi nioke zera gogoraraziz, Astigarragan PNVri alkatetza eman zion PSEren idazkari nagusiaren hitzak:
• “Gaztelania hiztunek sekulako eskuzabaltasuna erakutsi dute”
• “Hizkuntza bakarra ezarri nahi dute Udaletan beti izango dira gaztelania hiztunak”
• “Enpresa haundiek harrera euskeraz eta gaztelaniaz egin beharrak kezkatu egiten gaitu”
• “Euskera oso intimoa da. Norberak erabakiten du hitz egin nahi duen hizkuntza. Hori horrela da”
Idoia Mendia 2015/03/31 (euskeratua)
Esaldi hauekin oroitu nintzen pasa den larunbatean, Astigarragako PNVren 6 zinegotzitatik, euskeraz lan egiteko gai, bakarra dela ikusi nuenean. Estatistika ez da askoz hobea esaldi sinboliko bat esaterako garaian: “bai. Legearen aginduz, zin egiten dut.” esateko gai, 6 zinegotzitatik 2 izan ziren. Argi dago, Astigarragako PNVrentzat ere lehenengo eta bigarren mailako hizkuntzak daudela.
Beste datu bat gogorarazi nahi nizueke: Astigarragako kaleetan badakizue zenbat euskera entzuten den? 2011ko datuen arabera, %30,3. Hain zuzen, datu hori irauli nahian genbiltzala iritsi da gobernu aldaketa. Guk hasitako bidetik segi nahi izatera, hor dituzte ilusioz bultzatako bi tresna: Euskera plana eta Astigarragako Kronika. Baina gogoa, ilusioa eta borondatea beraiek jarri beharreko osagaiak dira.
Nire lagun batek dion modura, gogorarazi nahi nioke gobernu talde berriari, kaiola batean Chihuahua bat eta Bengalako tigre bat sartzen badira, biak ez daudela borroka egiteko baldintza igualetan.