Hernaniko Kaxkoko kaleak eta batez ere, ni bizi naizen Andrekale kalea, aire libreko taberna bihurtzen dira asteburuetako gauetan, helduek eta 18 urtetik beherakoek alkohola kontsumitu dezaten. Boteloiak, kristal hautsiak eta plastikozko edalontziak lurrean, gonbitoak bazterretan, pixa etxe atari eta eskaparateetan, kotxeak markatuta edo ispilu puskatuekin, lur itsaskorra... heldu eta adin txikikoek kontsumitutako alkoholaren ondorio dira. Udalak dio erremedioa jartzen saiatzen ari dela zorte askorik gabe. Inork ez du errepresore izan nahi, eta gutxiago gazte ba-tzuen aurrean, agintariek boto emaile masa gisa identifikatzen dituztenak.
Koma etilikoak, saltsa, inork parte eman nahi ez duen gerra frontea da. Inor ez da kezkatzen osasunaren etorkizun ilunaz, alkoholaren neurrigabeko kontsumoak eragingo duenaz. Aurrerakoia, dirudienez, gazte zalaparta-tsuak eta alkohol zaleak izatea da. Kulturala dela diote. Orain dena da kultura. Goizaldeko hiruretan kale oso bat mozkortutako gaztez betea egotea kultura da. Mundu guztiak babesten ditu kaleko zurruteroak eta inork ez boteloien ondorioak sufritu behar ditugun bizilagunoi.
Alkoholemia kontrolak errepidean egiten dira, kaleak, gauez, gazteentzako baitira eta errepresore izatea baita gazteei ez uztea ihesbide modu hau. Eta honelako gauzak esatera ausartzen garenak modaz pasatako karroza batzuk gara, harritu egiten garenak hainbeste permisibitate ikusita alkoholaren aurrean. Kalean edatea debekatzen badiete, nola emango diete botoa gero? Eta hemen beti gaude hauteskunde bezperatan.