Hasiera behintzat ez dut gustoko izan
Joan den larunbatean, herritar asko bezala udaletxean izan nintzen. Banekien astigartarroi bizkarra emanez, Astigarragatik kanpo erabakia zutela PNVko eta PSOEko agintariek beren ohizko kromo aldaketa edo eta poltrona banaketa medio, EH Bilduri alkatetza kentzea. Kuriosoa da, Alkatetza Astigarragan erroldatua ez den batek hartzea, Astigarragan bizi ez den eta ezagutzen ez duen beste baten botoari esker. Beharbada horregatik ikusi nuen neure burua behartua udaletxera joatera, EH Bilduko zinegotziei babesa ematera. Hemendik, zoriondu azken lau urteetan udalean aritu direnei eta hurrengo legealdian ariko zaretenoi.
Legealdiaren hasiera behintzat ez nuen gustokoa izan, baina ez EH Bildukoek alkatetza galtzen zutelako soilik. Euskarak jasan zuen tratua “gure gobernu” berria osatzen duten PNVko ordezkarien aldetik minimoetara ere ez zen ailegatu. Adineko mahaiaren osaketatik hasi eta karguari zin egiteraino erdara izan zen nagusi. Esanguratsua, PNVko bi zinegotzi gazteenek zein harrokeriaz egin zuten zin gazteleraz. Alkate berriak euskara erabili zuen irakurri zuen testuan, apustu egingo nuke ez zuela berak idatzi, legealdian zehar frogatuko da.
Saioaren gorena, han bildutako herritar batek hitza eskatu zuenean etorri zen. Alkate berriak honi hitza ematerakoan beste herritar batek hitza eskatu gabe hartu zuenean eztabaida sortu zen. Orduan bat ere gustatu ez zitzaidan beste gauza bat ikusi nuen, argazkilari itxura zuen tipo batek keinu bidez egin beharrekoak eta ez direnak agertzen zizkien PNVkoei (komisarioa ote?) eta hauek Alkatearenganaino iristen ziren. Ez dakit nortasun falta edota irizpide falta den, baina Alkate berriak ez zuen inongo momentuan inolako erabakirik hartu aldez aurretik bere ezker aldera begiratu gabe. Nibela.
Joxi Uranga Pereira