Eskerrik asko. Esker hitzak besterik ez ditut, lau urte hauetako bizi eta lan esperientzia laburtzerakoan.
Eskerrak nirekin (eta ni eurekin) lanean izan dudan ekipo bikainari: Maite, Agin, Ione, Berta, Raul, Isa, Joxemi eta Dani. Lau urte elkarrekin lanean. Denetarako tartea izan dugu, baina beti lanerako prest eta irribarrea galdu gabe. Ederrak zuekin igarotakoak. Harro, erakutsi dugulako udaletxe bat beste modu batean kudeatu daitekeela: pertsonak, eskubideak, parte-hartzea eta zintzotasuna beti erdigunean. Zorionak!
Eskerrak ere, udal langileei. Gure helburuak lortzeko bitarteko ezinbestekoak, dudarik gabe. Ekipoko kide izan zaituztegu, gure buruhauste eta burutazioei soluzioa emateko gaitasuna behin eta berriz erakutsiaz. Ekipo ona dugu udaletxean eta beraz, zorteko gara Astigarragan.
Eskerrak ere eta batik bat, nola ez, zuoi, astigartarroi, gurekin batera herria aurrera eramaten lagundu diguzuelako. Ezin da udalaren jardunik ulertu herritarrik gabe eta horretan izan gara buru belarri. Bidean, inoiz ezagutuko ez nituzkeen herrikide paregabeak ezagutzeko aukera izan dut: bere umiltasun eta apaltasunean eta fokoetatik urrun, egunero, Astigarraga hobeago baterako ahalegintxoa egiten dutenak. Eredugarriak benetan eta ezinbestekoak, beste Astigarraga bat amesten dugunontzat.
Eskerrak ere, bikote, familia eta lagunei, egindako hautua babesteagatik eta alkatetzak dakartzan enbarazuak aguantatzeagatik.
Orain alkatetzatik, oposiziora, baina Astigarraga hobeago baten alde jarraituko dugu EH Bilduko seikote berriak. Lanerako gogo eta grinak ez zaizkigu falta eta ez dugu huts egingo. Erabakitze eskubidearen, parte-hartzea eta gardentasunaren, komertzioen, baserritarren, auzoen, hezkuntza hobeago eta osatuagoaren alde eta murrizketa sozial ororen aurka gogor egingo dugu. Eta beti zuekin batera, astigartarrokin elkarlanean.
Ziur igarotako lau urte hauek bezala, plazer bat izango dela Astigarragaren alde lan egiten jarraitzea. Eskerrik asko.