Pauso txikiak Hernaniko Udalean

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Amonarraiz, EAJko bozeramailea 2015ko eka. 17a, 02:00


Luis Intxauspe Hernaniko alkatearen aurreneko hitzetan, erabateko aldaketa nabaritu genuen, duela lau urte eman zuen hitzaldiarekin konparatuz. Bilduko alkateak hainbatetan aipatu gintuen plenoa osatzen dugun 17 zinegotziak, elkarrekin lan egingo dugula esan zuen, eta talde politiko guztiekin bilerak hasiko zituela, puntu komunak bilatzeko. Badirudi Hernaniko Bilduk politika egiteko modu berri bat hasi nahi duela, eta EAJ-PNVko zinegotziek ongietorria ematen diogu.
Udal Korporazio osoaren argazkia eta ondorengo brindisa, zinegotzi guztiok elkarrekin, berria da Hernanin. Opo­si­zioko zinegotziek modu normalean egin genuen aurreko legegintzaldian, baina Bilduk ez zuen beharrezkoa ikusten. Keinu honek beste pausotxo bat irudikatzen du, EAJ-PNVtik lau urtetan eskatu dugun normaltasunera iristeko. Lehia­kide politikoak gara, baina ez etsai politikoak, eta are gutxiago etsai pertsonalak.
Batzuek esaten didate inu­xentea naizela, baina uste dut konfiantza eman behar zaiola onerako aldatu nahi duenari, eta horretan ari gara.
Alkateak aipatu zuen, baita ere, ez erabiltzeko hainbeste komunikabideak, baina EAJ-PNVn uste dugu, udaletxean lan egin ondoren, hernaniarrek jakin behar dutela gure talde politikoak zein iritzi duen, Gobernu Taldeak hartutako erabakiei buruz. Garden­ta­sunean sinesten dugu erabat.
Espero eta desio dugu, etapa berri bat hastea gure udalerrian, eta onuragarria izatea hernaniar guztiontzat, eta Her­naniko enpresa eta profesional guztientzat.
Gora Hernani eta gora San Juan!

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!