Gaur zure bozka erabakigarria izango da datozen lau urteetan Astigarragan garatuko diren politiken norabideak zehazteko. Badirudi erabakia hartua dagoela. Adostasun honetan zuk ordezkatzen duzun alderdiak, PSEk, eta EAJ-PNVk ez dute hizpide izan herrian garatu beharreko proiekturik. Herritik haratago, esfera altuagotan hartutako erabakia izango da, oinarrian, programarik gabe eta ondorengo lau urteetan zinegotzia izango zaren herriko interes minimorik gabe.
Larunbatean, zure bozkarekin, PNVri txeke txuri bat oparituko zenioke, baina erabaki hori ezkertiar eta sozialista al da? Horiek behar lukete zure alderdiko baloreak.
Azken lau urteetan EH Bilduko gobernu taldeak udal dinamikan aldaketa ugari egin ditu, Herri Eskola edo gizarte laguntzak bezalako proiektu estrategikoek egunerokotasuna markatu dute.
Hezkuntza arloan egin den inbertsioa (nahiz eta udalaren konpetentzia ez izan) 2.486.649€koa izan da. Aurreko legegintzaldiko lau urteetan PNVko udal gobernuak 831.720€ inbertitu zituen.
Udal zorra %61ean murriztu da, gaur egungo zorra 487.874€ra gutxituz.
Administraziotik gizarte zerbitzuek izan duten murrizketa aro honetan, udal gobernuak laguntzak mantendu egin ditu. AEStara bideratu den dirua urteko 40.000€ izan da, PNVren gobernuarekin aldiz 24.035€.
Lau urtetan gastu politikoa 621.740€tan aurreztea lortu da, hauek herriko proiektu inportanteenetara bideratzeko. Esate baterako, herritarrei 100.000€ non inbertitu erabakitzeko prozesu parte hartzailean.
Badirudi hondakinak direla PNVri txeke txuria eskaintzeko arrazoia. Birzikla zaitezen proposatzen dizut eta hondakinen artean gal ez zaitezen. Hauek desagertzen direnean errealitatea azalduko baita, eta herri honek merezi ez duen politika baten aurrean egongo gara: ez ezkertiar eta ez progresista.