Ez du luze jo Astigarragako PNVk ezkutuan gordetzen duen altxorra agerian uzteko. Ingurua eta ingurukoak kontrolatu nahi gaitu eta, bere ustez, lortu du. Horren isla, hauteskundeetako egun berean bere burua alkatetzan jarri zuen, eta ondoren –boto gehien jaso gabeko taldea izanik– beste taldeek BERARI egin BEHARREKO proposamenen zai agertu zen prensan. Gure esku dago harropuzkeri eta errespetu falta honekin mina hartuko dugun edo xelebrekeriz hartuko dugun. Aukeran jarrita, nik bigarrena.
Eskailerak igotzeko eta jaisteko izaten dira, eta herri honetako jendearen ia erdiak bederik, PNVk soinean daraman trajearen azpian gordetzen duen benetazko maltzurkeria eta joku zikinaren jakitun gara.
Datozen lau urteak futbol partida baten antzera irudikatzen ditut, baina kontuz, arbitroa erosia dago eta.
Aurreko legealdiko EH Bilduko kideei nire eskerrik beroenak, lan mardula, garbia eta ondradua egin duzuelako; egiten zenekiten bezain ongi egin duzuelako eta zeneukaten guztia maitasunez eman diguzuelako.
Seikote berriari esan nahi dizuet zuen erabakia dela datozen lau urteak nola pasa nahi dituzuen finkatzea: sufrimenduan eta borrokan Jaungoikoa eta Lege Zaharraren kontra edo… politika egiteko forma berrien bila.
Nola? Konzientzia lasaiarekin eta irrifar tinko batez, PNVk eskeini nahiko digun konpetitibitatearen ordez kooperazioa aurkeztuz; eman nahiko digun gezurrari egia; agertuko digun gorrotoari maitasuna; bere joku zikinari bizkar emanaz eta ez aurre eginaz.
Araudiak arbitro erosketa onartzen duen futbol partida honetan jokatzea erabaki duzuenei: ANIMO EKIPO! Baina kontuz lesionatu gabe, beraiek botak dituzte soinean eta zuek alpretak. Beraien burrukan sartzen bazarete beti galtzaile aterako zarete. Aurre egitea eta burruka egitea ez dira gauza bera. Burrukak burruka gehiago ekarriko digu, samina, gorrotoa, ezinegona… Aurre egiteko ausartagoa izan behar da: dagoena onartu, hobetu daitekeena hobetu eta ezin dena gerorako utzi. Lasai.
Neurtu indarrak, ez alferrik galdu eta… bizi zoriontsu!