Formakuntza politiko berrien iritzien aztarna sumatzen hasi dugu jada (komunikabideetan oraingoz), liskar politiko haundienak sortzen dituzten garaietan.
Aho batez ezezkoa ematen diote Gipuzkoako errauskailuari, PSEko Denis Itxasok bere garaian esan zuen hari berean: «Gipuzkoan zaborrarekin dagoen arazoa errauskailurik eraiki gabe konpondu daiteke. Hondakinen berreskuratzea sustatu behar da ahal eta gehien, eta gainontzekoa inertizatuko litzateke (usainez hustu), eta harrobi isolatu batean lurperatuko litzateke» (DV 2006/10/3).
Guztiok datoz bat hondakinen sorkuntza geroz eta txikiagoa dela esatean, eta baita birziklatzearen kontzientziazioak eta operatibitateak gora egin duela baieztatzean ere. Guztietan hoberen ulertu duena Manu Aguirre UPyDko hautagaia izan da, bere enpresari ikuspuntutik ikusiaz: «ez dugu errauskailurik Gipuzkoan onartuko, Bizkaian bat izanda; probintzialtasun hau gainditu beharra dago». Mezu argi eta garbia, oraindik azpiegitura garesti horren alde daudenentzako; errefusa ezabatzen ez duena eta errausteko %30a eskoria kutsakorrak eta errautsa toxikoan bihurtu eta zabortegi batetan botatzea behartzen duena.
Hain esplizituki, baina erradikalagoa, mintzatu da Arantza Gonzalez, Irabaziren hautagaia: «errausketaren kontra gaude, eta Gipuzkoak aurrera egin badu errausketa izango ez duelako da, baina oraindik ez dira instalazio alternatiboak martxan jarri».
Oraindik askoz gehiago izango dugu esateko, eta gehiago salatzeko. Burugabekeri politikoa eta manipulazio mediatikoa hain tinko dauden bitartean...