Mendizerra, Araba eta Gipuzkoako mugan
Urkillako mendizerra ia oharkabean pasatzen da askorentzat alboan dituen Aizkorri eta Aratz mendiek fama guztia jasotzen dutelako. Hala ere, horrek ez dio bere garrantzia geografikoa kentzen, Araba eta Gipuzkoako mugaren zati bat adierazteaz gain, bere gailurrak isurialdeen banalerroa direlako. Hego aldeko urak Mediterraneo itsasoan isurtzen dira; ipar aldekoak, ordea, Kantari itsasoan.
Paisaiaren aldetik, Urkillako mendizerra oso atsegina da bere basoengatik eta bertako lasaitasunagatik. Elgeakoa, ordea, ez da hain polita, bidea erroten artean, pista bati jarraituz egiten delako. Gain hauetatik, Arabako lautada aldera eta Aizkorri aldera dauden bistak zoragarriak dira.
Hamar tontor
Lehenengo gailurra zapaldu ondoren, altuera mantentzen da eta, azkeneko puntara iritsi baino lehen, gailur segida haundi bat zeharkatzen da. Hori dela eta, bideak gora eta behera ugari egiten ditu. Gailur bat zanpatu bezain laster, hurrengo lepora jaitsi behar da eta hortik berriro, hurrengo tontorrera igo. Gorabehera hauek ez dira desnibel haundikoak, baina asko direnez, azkenean hanketan nekea pilatzen joaten da. Igaroko ditugun gailurrak Burgamendi, Sekillaga, Gaztarri, Larrangoiti, Trango, Zurkuntz, Napar Basoko Punta, Oburu, Malkorra eta Pinpil izango dira.
Mugarriaundiko menhirra
Sekillagako gailurrean, buzoia dagoen tokitik gertu, Mugarriaundiko monolitoa dago. Lurrera eroritako (edo botatako) menhir bat da. Bost metro inguruko luzera du eta metro erdi eta metroa bitarteko zabalera. Bertako hareharriz eraikia dago. Zati zabalena, menhirraren oinarria izango zena, ipar aldera orientatua dago eta menhirraren punta, Araba aldera.
San Adriango pasabidea, Gaztela eta Europa komunikatuz
Lizarrate harkaitzaren bihotzean San Adrian izenarekin ezagutzen den tunela dago. Errege kaltzada zaharrean eta aldi berean, Santiago Bidean dago kokatua eta bide honek Goierriko eskualdea eta Arabako Zalduondo herria lotzen ditu. Beraz, Gaztela eta Europa arteko komunikabidea izan da. Bertan, XI. eta XII. mendeko txanponak aurkitu dira eta honek adierazten du Erdi Aroan jadanik pasabide zela.
San Adriango pasabidea indarrean zegoenean, bertatik erregeak, printzeak, bandolero, gaizkileak, iheslariak eta erromesak pasatzen ziren. Gotorleku edo dorretxe bezala funtzionatzen zuen, bertan zaindari eta alkaide bat ere bazelarik. Pertsonai hauetako bat Europako pertsonarik nagusiena zela esaten ibiltzen omen zen. Izan ere, bere aurrean erregeek ere burua makurtu behar izaten zutelako. Ez zen gezurretan ari. Tunelaren bi ahotako bat oso altuera gutxikoa da eta zaldiz zetorrenak txapela kendu eta burumakur pasa behar izaten zuen.
Futbol zelaitik, hasiera
Futbol zelaiaren albotik doan pistari jarraitu behar zaio. Lehenengo bidegurutzean eskuineko bidea hartu. Bideak, ia 400 metroko desnibela duen aldapa igo ondoren, Burgamendi eta Sekillaga mendien artean dagoen lepora eramango gaitu. Eta handik, Sekillagako gailurrera iritsiko gara.
Hemendik aurrera bideak behera eta gora, edota gora eta behera egiten du Pinpil gailurra zapaldu arte. Beraz, lasai hartu eta apurka apurka gailurrak igaroz joango gara Oburura iritsi arte. Oburun, gailurrek osatzen duten lerroa utzi, eta hego aldera egin behar da, Malkorra gailurrera joateko.
Paisaiaz gozatzeko tartetxo bat hartu ondoren, berriro atzera egin eta jarraitu dugun gailur lerrora itzuli behar da. Azken gailurra izango den Pinpil aldera egingo dugu. Hasieran zelaietan zehar, ondoren pagadi baten barrutik, eta azken metroak, berriro ere, zelaietan zehar.
Pinpiletik behera, Otzaurtera
Pinpiletik ipar eki aldera egin behar da Urbiako zelaiak eta San Adrian elkartzen dituen bidearen bila. Bidea aurkitzerakoan San Adrian aldera, eskuinera, egin behar da, tunela zeharkatu eta Ubiergo errekak sortzen duen aranera irtengo gara.
Mikeleteen etxera jaitsi eta bertatik pistara. Lau kilometro inguru dituen pistari jarraituz ibilbidearen amaiera izango den Otzaurteko bentara iritsiko gara.
Datu interesgarriak:
Distantzia: 22 Km.
Denbora: 7-8 ordu.
Desnibel metatua: gorantz 1.000 m eta beherantz 900 m.
Gailurrak: Burgamendi (1.082 m), Sekillaga (1.152m), Gaztarri (1.177m), Larrangoiti (1.126m), Trango (1.182m), Zurkuntz (1.215m), Napar Basoko Punta (1.225m), Oburu (1.240m), Malkorra (1.245m) eta Pinpil (1.296m).
Zailtasun berezirik gabea. Ibilbide luzea.
Beharrezko materiala: mendiko material arrunta.
Mendiriz Mendik ekainaren 7an egingo du irteera hau.
Nola iritsi: N-1 errepideari jarraituz Gasteiz aldera
hurbildu eta bertara iritsi baino lehen 637 irteera hartu (N-104 errepidea). Berehala eskuinera egin eta A-3012 errepidea hartu. Ozaeta eta Hermua herrixkak pasa
ondoren irteeraren
abiapuntua izango de Larrea herrixkara iristen da.