Sagardotegi garaia bukatzear den honetan, hernaniar eta emakume bezala garai hau nola bizi dugun hausnartu nahiko genuke zuekin. Garai hau asko gustatzen zaigu eta gure nahia da espazio hauek askatasunez, erasotuak izatearen beldurrik gabe bizitzea.
Emakumeen aurkako biolentziaren dimentsioa zein handi, estruktural eta zabala den ikusirik, zenbat emakume erail, zenbat bortxatu, erasotu izan garen Euskal Herrian, zenbat emakume gauden zapalduak emakume izate hutsagatik, ezin dugu gai hau txikikeriaz hartu, ezta jaigiroan ere.
Izan ere, jai esparrua ez da gizarte egituraz eta ematen diren zapalkuntzez at geratzen den esparrua, bertan ere nabarmenak dira botere harremanak. Eraso sexista asko gertatzen dira halakoetan eta gainera askotan drogen aitzakipean arduradunen erantzunkizuna eta eraso hauen sorburua arindu egiten da.
Matxismoaren ahotsak esango digu emakumeak garela gertatzen zaigun guztiaren erantzule eta arduradun, baita gertatzen zaizkigun erasoena ere. Eta jarraituko du mila aitzakia eta konplize bilatzen gizonek egiten dituzten erasoak justifikatzeko eta hauen larritasuna gutxitzeko. Matxismoa guztion baitan dago, guztion ardura da hau gainditzeko lan egitea.
Hori dela eta, hasi gaitezen behingoz emakumeen aurkako edozein eraso, emakumeen borondatea zapaltzeko edozein saiakera, ondo kokatzen. Muturrekoenetik sotilenera, inportantzia berekoak dira eraso guztiak eta denak borrokatu behar dira. Bortxaketa, txapa sartzea, kaletik jarraitzea, piropo nazkagarriak jasan behar izatea, ukimenak, biolentzia matxistaren engranajearen gurpilak dira eta ezinbestekoa da guzti hauek moztea.
Hernanin jaigune feminista eraikitzeko lanean ari gara eta alde horretatik, eskerrak hori errealitate izan dadin lan egiten duzuen guztioi. Eskerrik asko, eta segi dezagun lanean, autodefentsa feministaren ildotik, feministak saretzen, feminista bihurtzen, elkarrekin erantzuten, gauden esparru guztietan feminismotik eragiten.