Gauzak argitu nahian, Euskal Memoria 2009an sortu zen Fundazioa da, oroimena bildu eta zabaltzeko asmoarekin. Arlo honetan lanean ari diren beste hainbat erakunderekin batera (Aranzadi edo Argituz) Euskal Herrian gertatutakoaren memoria jasotzeko eta lantzeko eginkizunean ari dira Eusko Jaurlaritzarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin edo hainbat Udalekin. Hernanin 2013tik lanean ari da Euskal Memoria Fundazioa, gure herriko gertaera guztiak jaso eta biltzeko asmoarekin.
Hernani asko sufritutako herria da, eta Euskal Memoriaren lanean jasotzen den bezala, 1960tik hona arrazoi ezberdinegatik 26 hildako izan ditugu, 47 lagun baino gehiago zaurituak izan dira, 93 lagun baino gehiago torturatuak izan dira, 11 pertsona erasotuak, kale erasoak... eta egun 24 hernaniar preso ditugu herritik kilometro askotara dispertsioaren politika krudelaren eraginez.
Gure nahia da, indarkeria politiko guztien azterketa eta rekonozimendua egitea. Bakoitzaren posizionamendutik haratago. Garai politiko berriarekin dugun atxikimendutik eta gatazkaren konponbidea eta bakearekiko konpromisotik, EHBildu osatzen dugunok uste dugu momentua dela jarrerak argitu eta kontrastatzeko gure herriak behar duen adostasunera iristeko.
Aieteko nazioarteko bake konferentziatik hiru urte terdi igaro diren honetan, beharrezkotzat jotzen dugu momentu batez gelditzea eta begirada atzera botatzea. Egun eskuartean daukagun agertoki politikoak oraindik konponbidera eramatekoak diren gai garrantzitsuak baititu. Hau honela, bereziki larritzat jotzen dugu gatazka politikoaren ondorioei dagokionean, batzuen jarrera anker eta tematia, giza eskubideen bortxaketa larria dakarten politikak sustatzen jarraitzen dutelako.
Jatorri politikoa duen gatazkaren ondorioei dagokienean lau dira gure ustez jorratu beharreko arloak, “bakerako euskal bidea” dokumentuan garatu direnak.
Biktimak eta memoria: Biktima guztiek, erasotzailea edozein izan dutela, egia, aitortza eta erreparazioa jasotzea. Gertatutakoa ez errepikatzeko bermea edukitzea.
Zigor eta espetxe politika eta iheslarien itzulera:
Konbikzio politikoengatik askatasuna galdu duen edo sorterritik kanpo bizitzera behartuta dagoen euskal herritar bat bera ere ez egotea.
Armagabetzea: ETAren armategien deuseztatzearen bidez burutzea jotzen dugu helburutzat.
Desmilitarizazioa: Estatuko segurtasun indarren erretiratzea. Herritarren babes eta zerbitzu lanak euskal poliza kidegoek betetzea.
Ez gaitzala denborak eta historiak hernaniarrok geldirik arrapatu. Bidean, lanean, elkar topo egingo dugulakoan.