Kontxa Etxeberria Miranda Astigarragako alaba kuttun izendatu dugu gaur 2015eko maiatzaren 19an. Udaletxean burutu dugun ezohiko bilkura xumea izan da, zinegotzi eta kazetariez gain ez da herritarrik gerturatu. Bilkura xumea izan da bai baina garrantzitsua, Astigarragak behingoz Kontxa Etxeberriari merezi duen aitortza egin diolako. Joan den urteko uztailaren 1ean egin zuen EAJ-PNVk eskaera gure herriari halako ekarpen handia egin dion astigartar ezezaguna alaba kuttun izendatua izan dadin. Zenbaitzuk izena behintzat ezagutuko duzue, kultur etxe berria eraiki nahi den plazak bere izena darama eta 2010 urtea geroztik.
Ezagutzen ez duzuenontzat Kontxa Etxeberria Astigarragan jaio zen 1856. urtean. Madrilera ezkondu zen eta alargundu zenean bere herrira itzultzea erabaki zuen. 1930. urtean Asilo-Escuela de Huérfanos de Jesús Nazareno y Cristo Rey izena daraman fundazioa sortu zuen eta fundazioari bere ondasun guztiak utzi zizkion, artean bizi zela: Bere etxea, (egungo kultur etxea), eraikinaren inguruko lurrak eta garaiko 400.000 pezeta baino gehiago, ikaragarrizko dirutza. Datorren ekainaren 15ean beteko da Kontxa Etxeberriaren heriotzaren 75. urteurrena.
Kontxak sortutako fundazioa oraindik bada. Etxea eta inguruak, jabego pribatua izanik ere, hainbat generaziotako astigartarrok gozatu eta baliatu ditugu 85 urtetan: gerra garaian eta ondoren beharrean zeudenak eta umezurtzak hartatzeko; ondoren eskola eta jubilatuen etxe bezala; azken 20 urtetan kultur Etxe, udal liburutegi, herriko elkarteen bilera-gune, euskaltegi eta sagardoaren museo; ikastaro eta hitzaldiak ematen dira bertan; antzerki, kontzertu, erakusketa eta zinema emanaldiak egiten dira areto nagusian… eta etxearen ingurua leku atsegina da pasian ibiltzeko.
Esan beharra dago, Bilduk ez zuela babestu nahi izan Kontxa Etxeberria alaba kuttun izendatzeko gure taldeak iaz aurkeztu zuen mozioa. Alkatea fundazioko lehendakaria den arren. Idazkari-kontuhartzaileak bideratu zuen eskaeraren tramitea eta ia urte bete pasa ondoren, gaur maiatzaren 19an Kontxa Etxeberria jaio zeneko 159. urteurrenean, udalak, herriak, zor handia kitatu du astigartar bikain honekin.
Eskerrik asko Kontxa. Gaur zuretzat eta Astigarragarentzat egun handia da.