1974an, Everest-era (Chomolungma), Euskal Herriko lehen espedizioa egin arren, hainbat arrazoirengatik helburua ez zuten lortu. Baina 1980ean, (nahiz eta antolaketa 1979an hasi), beste espedizio bat eratu zen (Ramon Arrue, Xabier Erro, Ricardo Gallardo, Javier Garayoa, Emilio Hernando, Juan Ignacio Lorente, Kike de Pablos, Angel Rosen, Luis M.S. Olazagoitia, J. Urbieta, Felipe Uriarte eta Martin Zabaleta Larburuk eratuta) helburua bera zelarik, Everesteko gailurrera heltzea.
Espedizio kideen artean hainbat saiakera egin ondoren, 1980ko maiatzaren 14an, Pasang Temba sherpa eta hernaniarra den Martin Zabaleta Larburuk, planetako tontorrik garaienera iristea lortu zuten (Everestera igotzen zuen lehen euskalduna bihurtuz).
“Gora Euskadi Askatuta” (Euskal Herri librea eta ingurugiro-naturarekin bat egiteko nahia) oihupean, Martinek gailurrean ikurrina (gure nazioaren ikurra) jartzea lortu zuen albistea Hernanin azkar zabaldu zen. Batez ere, bere familian, bazkidea zen Mendi Gain Elkartean (Mendi eta Kultur Elkartea) eta Euskal Herri osoan.
Ekainaren 2an, espedizioko kideak Bilbora iritsi zirenean, Martin Zabaleta, bere familiarekin eta bere lagun batzuekin, berehala Hernanirantz abiatu zen.
Egun ahaztezina izan zen mendizale honen harrera: Zinko-Eneatik hasi eta Gudari Enparantzaraino “paseoa”. Kaleak eta enparantza jendez gainezka, musika bandak, dantzariak, txistulariak eta Incansables Txarangak lagundurik.
Udaletxean, jende askoren artean, alkatea zen Juan Jose Uria (Hernaniko Urrezko intsignia eman ziona) eta Telesforo Monzon (bere aurkako atxiloketa agindua eduki arren, ez zuen gertakari hau galdu nahi izan) zeuden.
Gaur, maiatzaren 14a, gertakari historiko honetatik 35 urte betetzen dira. Ziur asko, zuretzat Martin, hura pasatu eta gaur egun antolatzen diren espedizio gehienei buruzko beste kontzeptu bat edukiko duzu. Baina, Hernaniko eta Euskal Herriko memoria historikoaren parte denez, gertaera hau ezagutu eta gorde behar dugu.