Beste behin, Laneko Osasunaren Nazioarteko Eguna igarota, harritu eta haserretu egiten nau sindikatuen eta Pentsiodun eta Erretiratuen Elkarteek, gure belaunaldiari eragiten dioten minbizia edo arnas gaixotasun anitzen jatorri profesionalarekiko duten utzikeria. Ahazte horren ondorioz gaixotasun profesionalen aitortzaren bidetik pentsioak eta bestelako konpentsazioak hobetzeko aukera galtzen dugu, baita gero alargunek jasoko dituztenak ere.
Beharbada, ez dakite gaixotasun profesionalengatik Gizarte Segurantzako prestazioak ez direla erretiroarekin preskribatzen, edo beharbada ez dakite laneko minbiziak 10 edo 20 aldiz biktima gehiago sortzen dituela onartezinak diren lan istripuek baino eta hauek, gehienetan, erretiroa eta gero agertzen direla.
Lan jardunean, siderurgia, eraikuntza edo bestelako sektoreetan ohikoa zen hauts, ke edo toxikoak arnasten ziren giroan lan egitea eta gero gure sudurretatik “txipiroi tinta” ateratzea. Arnastutako partikula askok, minbizia sortzeaz gain, gure birikak kaltetzen zituzten.
Beraz, ez da inor harritu behar, urteak igarota EPOC edo biriketako fibrosia, Silikosia, Asbestosia edo lan jatorria duen minbiziaren bat diagnostikatzen badigute. Eskandaluzkoa da gaixotasun profesionalen azpierregistro kopurua Europa mailakoarekin alderatzen badugu, bereziki minbiziarena. Gaixotasun horien jatorria bizi ohitura toxikoekin ezkutatzea ez da oso etikoa (erretzea, edatea …).
Hernanin, industriak duen presentzia handia, lantokietako arrisku higienikoekin eta minbizia arriskuen prebentzioari eman zaion garrantzia eskasarekin batera dira minbizia eta arnas gaixotasunen epidemiaren kausa nagusia, eta tamalez, gehienen jatorri profesionala ezkutatu egiten da.
Argi dago “negar egiten ez duenak ez duela titirik hartuko”. Inork ezin du itxoin Administrazioak berak aitortzea gaixotasunaren jatorri profesioanala, horrek eragiten duen prestazioaren hobekuntzarekin, aurretik ez badugu, dagokien frogekin horren jatorriaren erreklamaziorik egin.
Beharrezkoa da, beraz, Pentsiodunen Elkarteen eta sindikatuen erreakzioa gaixotasun profesional horien azpierregistroarekin bukatu eta gaixoen edo senideen pentsioak era esanguratsuan hobetzeko. Martxan dauden erreklamazioak geroz eta gehiago dira baita CCOO eta ASVIAMEtik lortu ditugun garaipenak, denon artean bidezkoa ez den egoera honekin bukatu dezakegu. Animo.
Jesus Uzkudun Illarramendi, Aktibista sindikala Lan Osasunaren defentsan