Udaberria eta legegintzaldiaren amaiera. Koktel izugarria, EAJren benetako azala erakustarazi diguna. Eztabaida politikoari, eraso pertsonal zakarrarekin erantzun diote, jeltzalek duten gorrotoaren adibide.
Amorruarekin idazteak kontraesanak dakartza. EAJren esanetan, ez dugu proiekturik aurrera eraman, jarraian egindako batzuk aipatzeko; herritarren partaidetzan ezer ere ez diote, baina gero onartzen dute herritarrekin bilerak egiten ditugula maiz. Eurak ere ez dira argitzen!
Baina gezurra mila aldiz errepikatuta ere ez da egi bilakatzen, eta azken lau urteetako errealitateak oso argi uzten du nolakoa izan den EAJren lana: benetan eskasa. Udal jardunean Gobernu taldeak, udal langileek eta herritarrek izandako inplikazio eta lanaren aurrean; jeltzaleen harrokeria eta utzikeria galanta. Datuak argigarriak dira: 7 ordenantza onartu dira eta EAJk alegazio bakarra aurkeztu du; EH Bilduk 44 mozio, EAJk berriz 4; 7 proposamen soil egin dituzte, eta horietatik 4 onartu ditugu eta 18 informazio eskakizun besterik ez dituzte egin. Zeinena da oposizioaren ezgaitasunaren ardura? EH Bildurena? Utziguzue guri ere barre algara ozenak egiten!
Obsesioa. Atez atekoarekin eta errausgailuarekin. Hori izan da EAJren legegintzaldiaren laburpena, astigartarrok bestelako arazorik izango ez bagenu bezala.
Harro gaude herritarren partehartzearen inguruan bultzatu ditugun politikekin. Ia 100 bilera ireki inguru egin ditugu, 3 herri kontsulta, 4 prozesu partehartzaile, aurrekontu partehartzaileak bultzatu ditugu eta gurekin bildu nahi izan duen edonorekin biltzeko prestutasun osoa izan dugu. EAJko kideak udal gobernuan egon zirenean 8 urteetan erdiaren erdia ere ez zuten egin.
Berriz ere, sinaduren gaiarekin datoz jeltzaleak. Erantzuna, berbera: sinadurak EZ dira Udalean aurkeztu eta guk ez dakigu non dituzten gordeta. Horren inguruan azalpenak eman beharko lituzkete sinatzerakoan bere konfiantza osoa jarri zuten herritarrei. Ordenantza berriarekin, Udalak derrigorrez egin beharko luke kontsulta, zeren zain dago EAJ? Parte hartze ordenantza aurrerapauso erraldoia izan da eta EAJk bere jarrerarekin erakutsi du ez dituela horrelako ekinbideak nahi Astigarragarentzako. Guk, ordea hitza eta erabakia astigartarren ahotan jartzen jarraituko dugu! Kosta ala kosta!