«Pena daukat binakakoan beste txapelaren bat gehiago ez izatea»

Erabiltzailearen aurpegia Beñat Los Arcos Ayerdi 2014ko mai. 3a, 02:00

Hamahiru txapela ofizial jantzi eta makina bat final jokatuta, ohituta dago Aimar Olaizola, zita haundien zurrunbilora. Ho­rre­gatik, «betiko gauzak» egin eta bes­te edozein partidu bezala har­tzen du igandeko finala. Gal­duta ere, pozik egonen litzateke, egindako lanarekin. Baina behin finalera iritsita, argi dau­ka txapelaren bila joan beharra dagoela: «Nik erasokor jokatuko dut, eta ahal dudan guztian Andoniri laguntzen saiatu».

Nola joan da finaleko astea?
Ongi, beti bezala. Uste dut bat ohitu ere egiten dela pixka bat. Beraz, betiko martxan. Txa­pel­keta luzea izan da, lanak egin­da daude, eta orain finalean zentratzea tokatzen da.

Zer egitea duzu gustoko, finalaren aurreko egunetan?
Betikoa, beste edozein partidutan bezala. Guztiak ber­din­tsu­ak izaten dira niretzat. Fi­­­na­le­tan, normala denez, zerbait be­rezia sentitzen dut, bai­na betiko gauzetan aritzen naiz: an­drea eta semearekin egon, txakurrekin mendian paseatu...

Txakurrek ez dizute aholku askorik emango...
Aholkurik ez, baina haiekin paseatzeak deskonektatzeko ba­lio dit, eta zentzu horretan, me­sede egiten dit.  Eta semearekin ere berdin. Garbi dago, semea pilota baino garrantzitsuagoa dela, eta harekin oso gustura ego­ten naiz. Hori bai, frontoira beti eramaten dut, baina mo­mentuz ez du ezer esaten.

Hondarribian bizi zara orain. Ez al duzu jaioterria faltan botatzen?
Bai, eta ahal dudanean behin­tzat joaten naiz. Nire herria Goi­zueta da, hango jendearekin tratu asko daukat, lagunak bertakoak... Eta nire bizitza, ge­hienbat, Goizuetako jendea­re­kin egiten dut, nahi baino gutxiagotan joan arren. Goizu­etakoa izateaz oso harro nago.

Urte asko dira goi-mailan zarela, eta batzuk diote, ardoa bezala adinarekin mejoran zoazela. Zein Aimar da hobea: lehengoa edo oraingoa?
Uste dut lehengo berdina dela Ai­mar. Aldatu den bakarra bu­rua, beharbada. Buruak lan asko egiten du, eta azken urteotan kon­fiantza gehiagorekin nabil. Belauneko lesioa izan nuenetik, hiru urte eta erditan, zortea izan dut, eta finalak jokatu eta txapelak irabazteko aukera ere bai.

Palmares luzea duzu, baina akaso binakako txapelaren bat gehiago behar zuen hor?
Nik horixe daukat pena. Txa­pel­keta batzuetan, txapela irabazteko moduan jokatu dut, bai­­na lortu ez. Dena den, binakakoan bikote bezala aritu be­har da ongi. Gauza bategatik edo besteagatik, orain arte bi txa­pela lor­tzeko aukera izan dut, gehiago ez, baina ea aurrerantzean besterik irabazterik badudan.

«Hondarribian bizi arren, Goizuetako jendearekin egiten dut bizitza gehien. Oso harro nago goizuetarra izateaz»

Igandean bertan, hirugarrena lortzeko aukera. Eta berriro Irujoren aurka...
Hemen garrantzitsuena da nor­­bera finalean egotea. Hortik aurrera, Irujoren kontra izan edo beste edozeinen kontra, niri berdin zait. Inporta zai­dana da ni hor egotea, eta final honetan hortxe nago.

Nola jokatu behar zaio Irujori?
Ahal den bezala. Hori aurretik ja­kitea zaila da, ez dakit erasokor edo kontserbadore aterako den. Normalean erasokor joka­tzen du, baina ikusiko dugu igan­­dean.


Eta Aimar nola ikusiko dugu, erasokor ala kontserbadore?
Nik neureari helduko diot, erasokor jokatuko dut. Tantoak bu­katzen saiatu, aukerarik duda­ne­an, eta bestela Andoniri la­gun­tzen ahalegindu.

Aretxabaletak maila polita eman du orain artean. Pixa­tuko dio lehen finala izateak?
Ez dut uste, eta espero dut ezetz. Oso mutil lasaia da, eta be­­rarekin entrenatzen, la­sai iku­si dut. Baina finalak beste kontu bat dira, eta An­do­nik bezala, gu­­tako edonork egin dezake kale. Nahiz eta txa­­pelketa ona egiten aritu, egun txarra izan dezakezu fi­na­l­ean.

Zure esperientziarekin, zertan laguntzen diozu?
Ahal dudan guztian. Pilotari gaz­tea izanik eta bere lehenengo txapelketan, bera lasaitzen sa­iatzen naiz lehenik. Gero, partiduan bertan, pilota txarrak kendu, sake gaiztoak... Eta pilota onak utzi, atzelari batentzat inportantea baita.

Nolako finala espero duzu?
Zaila, kriston bikotea dugu au­rrean. Abel oso mo­mentu onean dabil, eta Irujo be­ti bezala. Oso zaila izanen da, eta dena ongi eginda ere, asko kostako zaigu.

Beste txapela bat ekarri beharko duzu Goizuetara...
Hala nahi, baina... Gustatuko litzaidake txapela janztea, baina bestela ere oso gustura izanen naiz, egin­dako lanarekin. Ez genuen espero finalera iritsiko ginenik, eta oso lan ona egin dugu. Baina behin finalera iritsita, noski, txapelaren bila joan beharra dago.

Joka dezagun finaleko azken tantoa: 21-21 markagailuan eta sakea zuk. Nola plantea­tzen duzu tantoa?
Garbi dago 21-21 jarriz gero, beti izaten dela beste koskilleo bat. Baina beste edozein bezala planteatzen duzu. Sakea izanda, ahal den hobekien atera, eta ondoren, posible bada, aurrean tantoa bukatu.

Jarri titular bat partiduaren kronikari.
Aimar eta Andoni txapeldun, horixe litzateke guretzat kronikarik politena.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!