Eskutitz irekia, dutxa gabe utzi gaituen horri

Erabiltzailearen aurpegia Kike Parra Gonzalez 2014ko mai. 2a, 12:14

Duela aste batzuk (azkenean!) dutxa berezi bat jarri zuten Kiroldegian, diskapazitatuak dutxatu ahal izateko. Baina, gure pozak gutxi iraun zuen, zergatik handik egun gutxira, zer da eta... desagertu egin zen dutxa horren puntako alkatxofa berezia. Ez zen hondatu, ez zen hautsi. Ez. Norbaitek eraman zuen.
Koxka elkartearen errebindikazioa eta funtsa da (eta izango da) diskapazitatuen­tzako du­txa berezia, eta beste zenbait gauza, Kirolde­­giko irisgarritasuna hobetze al­dera. Dutxa berezi horrek ahalbidetzen baitu Amaia bezalako haurrak edo Kike bezalako helduak, eta beste hainbeste dutxatu ahal izatea, igerilekutik atera eta gero. Askorentzat, alkatxofa berezi hori hutsaren hurrena izango da, baina Koxka elkartekook makina bat bilera, ibilera, idatzi... lana lanaren gai­nean egin behar izaten du­gu, zertxobait lortuko badugu.
Ez dakigu (eta ez dugu jakin nahi) nork eraman duen alkatxofa. Agian, egunero elkar ikusten dugun horietako bat da, edo auzokoa, edo ezaguna, edo laguna. Baina, ironia badirudi ere, behar bada bihar edo etzi, hark berak ere alkatxofa berezi hori beharko du. Ez dakigu, era berean, (eta ez dugu jakin nahi) zertarako eraman duen alkatxofa; izan ere ezin izango du arazo ekonomikorik konpondu alka­txofa triste batekin. Ba­da­kiguna da Hernaniko hainbat diskapazitatuk ezin izango dutela dutxatu, eta horren eraginez, ez dutela izango igerilekuan sartzeko motibazio handirik. Eta badakiguna da, era berean, desegin beharreko barrerarik gogorrenak ez direla arkitektonikoak, baizik eta geure buruan ezarrita dauzkagun beste barrera horiek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!