Hemen denok ezagutzen dugu elkar

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Amonarraiz, EAJko bozeramailea 2014ko api. 24a, 02:00

Ez dugu ondo ulertzen PSEk emandako erantzuna, EAJ­ren idatziari, baina zera azaldu nahi dugu: Euskadi dagoen lekuan badago, herriaren izaeragatik da, hemen bizi izan garenok, lan egin dugulako gure herriaren mesedetan, eta herri honen agintari izan direnak ondo aritu direlako. Eta ziur beste hainbat kontu ere badirela, positiboak zein negatiboak, gure errealitatea definitu dutenak.
Egia da EAJk gidatu duela Eusko Jaurlaritza urte askotan, batzuetan bakarrik eta besteetan lagunduta. Berdin egin du Aldundietan eta udaletxeetan ere, eta mundu guztiak daki, alderdi horren gidaritzapean, Euskadi Euro­pako herrialde garatuenen pare zegoela, osasungintzan, hezkuntzan, gizarte zerbi­tzue­tan eta munduan duen irudian, lau kontu aipatzeagatik. Zer ondorio atera ditzakegu Andaluzia eta Euska­diren egoera sozio-ekonomikoak alderatuta (bata historikoki sozialistek gobernatua, eta bestea, lau urte izan ezik, EAJk)? Nola utzi zuen PSEk Euskadi, Eusko Jaurla­ritzan bakarka aritu ondoren, PPren babes osoarekin? Denok dakigu zein den lehenengoaren erantzuna; bigarrenerako, nahikoa da datu bat: 2008ko abenduan (PSE 2009ko mar­txoan heldu zen agintera), Euskadik 491 milioi euroko zorra zuen; 2012an (PSEk gobernua urrian utzita), zorra 6.088 milioi eurokoa zen. Zerbait egin zuten, bai, hitz egin eta gu zorpetu. EAJn espero dugu inertzia hori gu­txitzea, hurrengo urteetan.
Hernani Institutuko obrei da­gokienez, ze­haz­tu behar dugu, oinarrizko proiek­­tua egin­da zegoela, eta obra bu­ru­­tzeko proiektua ida­tzita. Baina ez dugu horretarako partidarik aurkitu, PSEk Eusko Jaur­la­ritzan egindako aurrekontuetan. Hori azpimarratu nahi dut, PSEk esaten duelako EAJk erretiratu duela obrentzako dirua.
EAJtik, soil-soilik, adierazi nahi dugu hernaniarrengatik eta hernaniarrentzat ariko garela lanean. Eta ez bakarrik hauteskunde garaian, beste alderdi batzuek egiten duten bezala, dirudienez.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!