Zer egingo dugu eraso bat gertatzean?

Erabiltzailearen aurpegia Nahia Eguskizaga Bilbao, Hernaniko Bilgune Feminista. 2014ko api. 14a, 02:00

Sagardotegi garaia bukatzear den honetan, hernaniar eta emakume bezala garai hau nola bizi dugun hausnartu nahiko genuke zuekin. Sagardoa eta festa, biak zein biak erakargarri. Tes­tuin­guru bat: Hernaniko sagardotegi ga­raia. Sistema bat: ma­txista. Aitzakia: alkohola. Gertaerak: erasoak.
“Minigona eta eskotea zerama­tzan. Ez zenuke gauez bakarrik ibili behar. Neska hori? Mutilak berotzen ibiltzen den horietako bat da… nahi duena egiten du”. Eta zer? Hala­koengatik gurekin edozer egin daitekeela pentsatzen duenik bada oraindik, eta eraso bat gertatu ondoren halakoak pentsatzen dituenak ere badu zer konpondu. Emakumeok aske izateagatik ordaintzen dugun prezioa garestiegia da. Aske gara, edo izan nahi dugu,  ez diogu inori ezer zor.
Sistema patriarkal honen ideologia gure baitan sartuta dugu eta emakumeen zapalkuntza garai berrietara egoki­tzen da kamaleoia izango balitz bezala. Ezin ukatu aurrerapausoak eman direla, baina noizbait “berdintasun faltsuaren aroan” gaudela en­tzun baduzue, goikoak bezalako ideiek oraindik ere gure barruan oihartzuna dutelako da. Emakumeen aurkako edozein eraso, emakumeen borondatea zapaltzeko edozein saiakera, hi­tzik edo erabakirik gabeko izaki babesgabe egiten gaituzten jarrerak, jasaten ari garen eraso guztien errudun eta erantzule bakar egiten gaituzten jarrerak identifikatu eta desagerrarazi behar ditugu, erasotuak izan ondoren ez gaitezen berriz erasotuak izan lagun edo inguruko mentalitate epai­tzeleengatik..
Emakumeen aurkako biolentzia gure askatasuna muga­tzen jarraitzeko arma da eta aske bizi nahi dugu. Baina jakin badakigu ze sistematan bizi garen, zein den testuingurua eta aitzakiak ere, ez gara etxean geratuko, askatasunez bizitzeak egun duen arriskua asumituko dugu… baina kontua da sagardotegi garaian: nola jokatu nahi dugu herri bezala eraso matxisten aurrean? Emakumeen askatasunaren alde egingo dugu edo hauek epaituko ditugu? Nola ekidingo ditugu gerta daitezkeen erasoak? Emakume batek erasotua izan dela  sala­tzean, hau entzun, lagunduko dugu… edo epaituko dugu? Erasoen behatzaile izango gara edo salatuko ditugu? Hernaniko Bilgune Feministatik autodefentsa feministaren, elkartasunaren garrantzia azpimarratu nahi dugu eta bide horretan zu, herritar, tabernari, sagardogile… ere bidelagun izatea nahi dugu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!