Gure Esku Dago

Erabiltzailearen aurpegia Ander Txintxurreta Ibabe eta Ekhi Zubiria Etxeberria He 2014ko api. 13a, 02:00

Honezkero hernaniar asko­txok izan duzue Gure Esku Dago dinamikaren berri. Herrian talde eragilea sortu genuenetik ekimen hau ahalik eta gehien hedatzea izan da gure helburu nagusia, hernaniar bakar bat ere gera ez zedin Gure Esku Dago esaldia gutxienez behin irakurri edo entzun gabe.
Izan ere, gure esku baitago gure etorkizuna erabaki­tzea, gure esku herri zahar honetan elkarbizitza demokratikoa eraikitzea, gure esku mundua zertxobait hobetzea. Sarritan ez gara jabetzen baina hori guztia gure esku dago, gure eskubidea da. “Ezin dugu” esaldia burmuinean txertatuta daukagu baina gure ustezko ezina ezjakintasuna baino ez da. Sinesmen oker hori gainditzeak dakar aldaketa. Gure ahalmenen kontzientzia har­tzea da oztopoak gaindi­tzen hasteko lehen urratsa, ezinbesteko urratsa.
Norbanakoaren baitan hasi behar du aldaketak baina gizartean izan behar du jarraipena. Bakarrik ez goaz inora. Elkarren beharra dugu aurrera egiteko. Bat egin ezean akabo gure asmo ederrak. Ez baitago nire esku, gure esku baizik. Apaltasun ariketa horrek indartu egiten gaitu, kemena ematen digu. Hala begiratuko diogu etorkizunari ilusioz eta alaitasunez, bai norbanako gisa bai herri gisa. Ho­rre­nbes­tez, ikuspegi eta ideologia ez­ber­dineko jendeak du lekua egi­tasmo zabal honetan, de­nok baitugu erabakitzeko esku­bidea, denok.
Euskal herritarrok hontaz guztiaz jabetu gaitezen, beste xederik ez du Gure Esku Dago dinamikak. Makina bat jarduera eta ekintza antolatu ditugu azken hilabeteotan, herriz herri, auzoz auzo. Hurrengo asteak ere ekimenez gainezka datoz. Ikus­garriena, jakina, ekainaren 8an Durango eta Iruñea lotuko dituen gizakatea izango da. Erronka latza bezain zirraragarria. Milaka lagun bilduko gara bertan, munduan barrena mezu argia hedatze aldera, bakean, libre eta alai bizi nahi duen herri koloretsu eta anitza dela Euskal Herria.
Hernanin ere ez da faltako ekitaldi jendetsurik: ma­iatzak 4ean Udaberri Festa Ave Maria parkean eta maiatzak 16an Erremontea Gure Esku Galarretan.
Horien aurretik ordea bada beste hitzordu garran­tzitsurik. Datorren asteartean, Gure Esku Dagoren lokal berria zabalduko dugu. Bertan kamisetak eta gizakaterako metroa erosteaz gain dinamika osoaren eta jarduera zehatzen berri jaso ahal izango duzue. “Giza­katean zenbat hernaniar bil­tzeko gai izango gara?” galdera eginez porra ere antolatu dugu.
Lokala Kale Nagusian dago, Zinko Eneatik oso gertu. Irekiera ospakizuna apirilaren 15ean egingo dugu, 19:00etan. Bertara joateko gonbidapena luzatu nahi dizuegu hernaniar guztioi. Jan-edanik ez da faltako, ea ba mokadu goxo baten aitzakian arratsaldea giro­tzen dugun.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!