Baratzak prest, udari begira

Erabiltzailearen aurpegia Beñat Los Arcos Ayerdi 2014ko api. 13a, 02:00

Udaberria iristearekin batera, hasi dira girotzen baratzak. Neguko uztak eta barazkiak atzean
utzita, produktu berriak ari dira merkaturatzen. Eta onena iristeko dago oraindik. Nekazariek udaberrian egindako lanari esker, denetarik izango dugu udan. Baina iritsi bitartean, badugu barazkiez gozatzeko aukera. Non aukeratu, behintzat, badu herritarrak: modu konbentzionalean, hidroponikoan edo ekologikoan landutako barazkiak daude merkatuan. Guztiak ere laborarien jarduna oinarri dutela.

Uzta ona izaten ari da aurten. Eta beharra ere bazuten nekazariek, iaz ez baitzen giro. Iaz, eguraldi kaxkarrak asko mu­gatu zuen euren jarduna. Euria izan zen protagonista, urte osoan, eta burua altxa ezinda ibili ziren. Baina baratzak normaltasunera etorri dira, eta laster izango ditugu koloretsu.
Edonola ere, ez dago udara arte itxaron beharrik, barazki sorta ederrak eskuratzeko. Mer­­ka­tuan daude, dagoeneko, letxugak, porruak, azelgak, azak, espinakak edota eskarola kizkurra. Horiek guztiek, neguko baldintza gogorretan ere ematen dute uzta, eta orain hasi zaizkie gehitzen beste hainbat.
Laster, nabarmen zabalduko da barietatea: tipula, bara­txuri freskoa eta babak, besteak beste, eskuragarri daude. Horiexek izango dira, hain zuzen ere, sasoi honetako no­bedadeak, eta baita jendeak gehien eskatuko dituenak ere. Izan ere, berritasunak pizten du, maiz, bezeroen arreta.
Eta baita ilarrak ere, urtaro honetakoak baitira. Uda­be­rri­a­re­kin batera hasi, eta uztaila alde­rako bukatu ohi da bere uzta-garaia. Epe motzeko uzta dute, baina oso bizia. Produktu izarra dira urtearen sasoi honetan.

Udako uzta prestatzen
Uzta jaso baino, ordea, erein egiten da udaberrian. Udan jaso beharrekoa prestatzeko unea da. Izan ere, produktuak ez dira gauetik egunera lor­tzen: lau hilabeteko prozesu luzea dute atzetik. Horregatik, apirilaren bukaeran eta maia­tzean zehar ereingo dituzte nekazariek, uda­ko beroarekin jango ditugun barazki freskoak.
Udaberria urtaro tristea dela diote nekazariek. Ziklo aldaketa ematen da, negutik datorren sasoia bukatu eta udakoa prestatu. Negu partean, udaran bezainbeste izaten omen da, baina ez dira hain barazki deigarriak: aza, azelga, eskarola.... Udan, berriz, barazki estimatuenak edukitzen ditugu eskura. Eta bitartean, udaberria, zubi lanak egiten.

Uzta jaso baino, erein egiten da udaberrian, eguraldia oso egokia baita. Dena den, hasi dira merkatuan zenbait barazki: ilarrak, tipulak, babak...


Udan ageri baitira baratzei kolorea ematen dieten elikagaiak. Udaberrian loreek parajeei edertasuna ematen dieten bezala, barazkiek kolorez betetzen dituzte baratzak udan: piper gorriak eta berdeak, lekak, piperminak, kalabazina, azenarioa, pepinoa…

Eguraldiaren esanetara
Urtaro ona da udaberria nekazarientzat, egokia delako eguraldia. Izan ere, eguraldiak baldintzatzen du nekazarien lana. Hala diote Arriatzu baserriko Manoli Zubelzuk eta Jose Ramon Zeberiok: «Euri asko egiten duenean, ez dago lurra lantzerik; eta eguzkiak gogor jota, erre egiten dira barazkiak». Erdibideko baldintzak dira, hain justu, udaberriak eskaintzen dituenak.
Baserriaren inguruetan dauzkate baratzak, eta denetik lantzen dute bertan: «Ahal dugun barietate zabalena egiten dugu». Hain zuzen ere, hori da nekazaritzak izan duen bilakaeraren ondorioetako bat: garai batean baino askoz ere nekazari gutxiago daude, eta daudenek, garai batean baino askoz ere gehiago lantzen dute: «Lehen dena bertakoa zen, baina kanpotik ekartzen hasi zirenean, jendeak utzi egin zion baratzari». Egun, barazki guztien %15 baino gu­txiago izango da gure lurretan hazia.

Orekarik gabeko lehia
Inportazioak eten egin du ne­kazari batzuen bidea, eta beste batzuena konplikatu. Konpe­ten­tzia zorrotzegia dauka bertako nekazariak. Baina ez kalitate haundiagoa dutelako, prezio baxuagoak eskaintzen di­tuz­telako baizik. Baxuegiak, maiz. Lehia desorekatua da, ne­ka­zariek ez baitute prezio horiekin borrokatzerik. Itxurarekin ere jokatzen omen da. Produk­tuak uniformatu, de­nak berdin-berdinak produzitu: «Begie­kin jaten du erosleak, eta denak berdinak izan behar dutela iruditzen zaio; baina ez da hala, barazkiak tamaina eta forma ezberdinetakoak dira».
Konpetentzia horrek eragin zuzena du nekazarien eguneroko jardunean ere. Goizetik gauera aritzen dira, hamabi eta hamalau orduz, baratzean la­nean. Ia atseden hartzeko tarterik gabe: «Egiten dugun lana ez dago ordainduta». Beraien es­kulana edo jarduna baita ne­ka­zaritzaren muina, aurrerapenak aurrerapen. Trak­to­reak izango dituzte, baita ma­ki­neria eta plagei aurre egiteko produktuak ere, baina horiek laguntza bat baino ez dira: «Eskulana da gehienbat, nekazaritza ez da hainbeste mekanizatu».

«Ahal dugun barietate zabalena produzitzen dugu», dio Manoli Zubelzuk

Nekazaritza hidroponikoa
Baratzako jardunean lan eta lan, egun osoa ematen du Jua­nito Larburuk ere, Berakorte baserrian. Era konbentzionalean lantzen ditu lursail gehienak, baina beste metodo bat ere jorratzen du: laborantza hidroponikoa. Duela ia hogei urte hasi zen erabiltzen, ez ordea borondatez. Lursail batek zainetako gaitza hartu zuen, eta bi irtenbide proposatu zizkioten: bi urtean behin desinfektatzea, edo hidroponikoan egitea. Lehenengoaren kalteak ikusita, bigarrena aukeratu zuen. «Ezer ezagutu gabe eta dardarka hartu nuen".
Nekazaritza hidroponikoa ez da lurrean egiten: «Perlitaz betetako zakuetan jartzen dira barazkien landareak, eta ureztatzean ematen zaizkie behar dituzten ongarri guztiak». Ura eta ongarriak garraiatzen di­tuzten tuboak, zakuetara dijoaz zuzenean. Lau-bost minutuz aritzen dira ura ematen, eta landarearen tamainaren arabera, gutxiago edo maizago behar izaten du.

Juanito Larburu: «Gaur egun, denborapasa gisa hartzen da baratza, ez serio, eta horrela etorkizun gutxi du»

Garaiz kanpo, «plastikozko barazkiak»
Letxugen hirutik bat eta tomateak lantzen ditu Larburuk, sistema hidroponikoa erabiliz. Kalitatez, ez die inolako galerarik ikusten: «Tomatea ona izango da, asko eskatzen baitute». Hori bai, metodoa edozein dela ere, barazkiak bere garaian landu behar dira. Eta hidroponikoarekin gehiegikeriak ere egiten direla uste du: «Tomateak, esaterako, garaiz kanpo lantzen dituzte zenbaitek, hidroponikoa aprobetxatuta. Baina gero ez daukate zaporerik, plastikozkoak bezala dira».
Lortutakoa, dendariei sal­tzen die zuzenean. Ezin­bes­te­koa zaio hala egitea, baratzatik biziko bada: «Pormaiorrean ez­ dago lan egiterik, barre egiten digute». Eta denda txiki­ak gero eta gutxiago dira: «Asko gal­du dira, jendea supermer­ka­tura joaten delako erosketak egitera". Baratzan lan egiteko ohi­­tura galdu den bezalaxe: «Orain, denbora pasa gisa har­tzen da, ez serio». Eta horrela, eto­r­kizuna beltz ikusten du.

Betiko barazkiak, gaurko baserrian

 Barazki ekologikoak eskuratzeko aukera ematen du Imanol Aranak

Alternatiba gisa baino gehiago, betiko barazkiak jateko aukera bezala planteatzen du Imanol Aranak nekazaritza ekologikoa: «Beti landu den eran egindakoa da, gure aiton-amonek egiten zuten bezalakoa». Lekuz kanpo daude pestizidak eta produktu kimikoak, eta ximaur on batek hartzen du ga­rrantzia: «Ongarri zaku baten le­ku­an, ximaur toneladak era­bil­tzen­ dira».
Plagei aurre egiteko, oso adi egon beharra dauka, eta barietate asko landuta ebitatzen  ditu: «Barazki askorekin arituta eta etengabe lekualdatuta, lor­tzen da gai­tzak ez bertan gera­tzea». Guztira, 40 barietate inguru lan­tzen ditu Altuna baserrian, guztiak modu ekologikoan. Horrela, osa­suntsuago jateko aukera es­kain­tzen die herritarrei: «Ba­ra­zki eko­logikoak aberatsagoak dira za­porez, kolorez eta usainez».

Baserriarekin kontzientziatuta
Bere erosleak, baserriarekin kontzientziatuta daudenak dira, aurrera atera daitezen nahi dutenak. Bezero leialak dauzka, zeini barazki saski bat ematen dien astero. Horrela, hilabetero diru-sarrera finkoak ziurtatuta dauzka: «Asko eskertu behar diet haiei, Basherri sareko Her­naniko taldekideei, baratzetik modu txukun batean bizitzea posible egiten didatelako».
Une zaila bizi dute nekazariek. Produktu asko eta asko kanpotik ekartzen dira, eta jendeak horiexek erosten ditu, su­per­merkatuetan: «Atze­an zer dagoen pentsatu ga­be egiten dira erosketak». Bertakoen kaltetan, kanpo­ko­ei ematen zaie dirua. Ka­leko jendearen esku ikusten du Ara­nak nekazarien etorkizuna.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!