Mendiarekin urteroko zita

Erabiltzailearen aurpegia Beñat Los Arcos Ayerdi 2014ko api. 5a, 02:00

Ekainaren 1ean izango da Ereñotzuko mendi lasterketa. Aurten, umeentzako proba bat ere izango da. Izen-emateak zabalik daude, eta herritarrei lehenbailehen inskribatzeko eskatzen zaie, dortsalik gabe ez geratzeko.

Laugarrenez ospatuko da, aurten, Ereñotzuko mendi lasterketa. Ekainaren 1ean izango da, normalean baino astebete lehenago, Gure Esku Dago dinamikaren Giza Katearekin ez kointziditzeko. Helburua, berbera izango da: herritarrentzako lasterketa bat antolatzea. Iazko ibilbide bera izango du, 12 km-koa.
Edizio honetan, gainera, umeek ere izango dute lasterketaz gozatzeko aukera. Orain arte, bide bazterretan egoten ziren, lasterkariei animoak ematen. Horregatik, eurak ere protagonista bilakatzea erabaki dute antolatzaileek. Dortsal bana jantzi, eta ibilbide labur bat egingo dute, Ereñotzuko kalean bertan.

Lehenengo umeak, gero helduak
Goizeko 10:00etan ekingo diote umeek, eta ordu erdi beranduago hasiko da helduen lasterketa. Iazko ibilbide bera izango du probak, 12 kilometrokoa, Usoko errekari buelta emango diona. Gainera, Usoko erreka bera pasako dute aurten, 2013koan ezin izan baitzuten prestatutako ibilbidea bere horretan osatu, eguraldiaren kulpaz. Euri jasa handiak izan ziren, eta ezin izan zuten Usoko erreka guru­tzatu.

Urdaburu tontorrera
Antolatzaileek espero dute eguraldia lagun izatea edizio honetan. Horrela, prestatutako ibilbide politaz gozatzeko aukera izango dute parte hartzaileek. Lasterketaren aurreneko bi urteetan Oindi mendirantz egin eta gero, ibilbidea alda­tzea erabaki zuten iaz.
Teknikoagoa da ibilbidea, jaitsiera zailagoekin. Hala ere, edozeinek egiteko modukoa da, lasterketa herrikoia izatea baita antolatzaileen helburua. Herri­tarrek behar dute protagonista. Edonola ere, asko estimatzen dute Jokin Lizeaga bezalako espezialistek parte hartzea. Ospatu diren hiru edizioak irabazi ditu urnietarrak.
Korrikalariek ere pozik hartu zuten ibilbidearen aldaketa. Pai­saia politagoak ikusi eta txoko ederretan barrena lasterkan ari­tze­ko aukera izatea eskertzen du­te.
Aiako Harria parke naturalean zehar ibiliko dira lasterkariak. Atera eta berehala, Txilibita baserritik gora egingo dute, Sagasti lepo trikuharriraino iritsi arte. Hortik aurrera, tontorrez tontor joango dira, gora eta behera, Urda­bu­ruko tontorreraino. Bertatik helmugara, dena aldapa behera izango dute, Usoko erreka gurutzatu eta Latseko fabrikaren ondotik pasata, Ereño­tzu­ko plazara arte.

Oindikoa baino teknikoagoa da ibilbidea, baina hala ere, edozeinek egiteko modukoa, lasterketa herrikoia izatea baita antolatzaileen helburua.

Lehenbailehen apuntatzeko gomendatu dute
Izena emateko, bi bide jarriko dituzte herritarren eskura: Ibai Mendi dendan, eta kirolprobak.com webgunean. Ibai Men­din, gaur bertan ireki dute inskribitzeko epea. Internet bidez egiteko aukera, berriz, apirilaren 12an jarriko da martxan.
Prezioak bere horretan man­ten­du­­ko dira. 10 euro, lasterketa aurretik, eta dortsalik geratuko balitz, 13 euro egu­ne­an bertan. Normalean, lasterketa eguna baino ask­oz lehenago bukatu ohi dira.
Plazak mugatuak dira: 200 plaza. Horregatik, antolatzaileek dei egin dute, lehenbailehen inskribitzeko.
Hernaniarrek parte hartzea nahi dute antolatzaileek, eta horregatik, dortsalen laurden bat, 50 hain justu, gordeta daude Ibai Mendin izena ematen dutenentzat. Gainerako 150ak internet bidez.
Urtero bezala, parte har­tzaile guztiek opari bana izango dute: korrika egiteko txaleko teknikoa. Horrez gain, zozketa ugari izan ohi dira las­ter­ketaren ostean, lagun­­tzaileen ekarpenez: txuletak, sagardo botilak, kirol arropa, motxilak...

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!