Ttarla taldea, zurezko oholtzaren konkistara

Erabiltzailearen aurpegia Lide Rekondo Urkia 2014ko mar. 30a, 01:00

Azkeneko entsaioetan mur­gil­durik, urduritasun eta ilusio tantak nabari dira Ttarla dantza taldeko hogeita hamar nesken aurpegietan. Datorren larun­batean estreinatuko den Zura emanaldiko protagonis­tak dira. 14 eta 25 urte bitarte dituzte, eta gehie­nak, Ttarlako helduen taldeko kide ere ba­dira: «Ttar­lako haurren ira­kas­leak gara, batez ere; aurten ordea, gaz­teagoak direnak ere sartu ditugu, taldea sen­dotze aldera».

Dantzen bilduma
Zura ez da antzerki bat, Ttar­laren ikuskizun berria da, dan­tzen bilduma; baina, batez ere, euskal dantzaren gores­pe­na da. Izan ere, Ttarlak ema­naldian eskainiko dituen ha­mabost dan­tzen artean, oreka berdina izan­go dute dan­tza tradi­zio­nalek eta as­matutako koreo­grafiek. Dan­tza tradizio­naletako as­ko, be­rriak izango dira pu­bli­koa­ren­tzat. Eta as­ma­tutako koreo­gra­fietatik hi­ru, «Ttarlako dantza­rientzat  espreski egi­nak dira».
Asmatutako koreografia horiek «toke pertsonala»  dut­e­la azaldu dute Ttarlako dan­tza­riek, beti ere, tradizionalak edo gi­puzkoarrak diren pausuak oinarri hartuta: «koreografiak pau­su tra­di­zio­nalekin egiteak nahikoa lan ekartzen du, bes­te estiloak jo­rra­tzen hasteko mo­duan egoteko».

Makila, protagonista
Emanaldiaren muina dantzen bilduma izaki, eta ikusita ma­kilak dezente erabiltzen zi­tuztela, konturatu ziren, eta ikus­ki­zunaren izena hortik joan zitekeela: «zenbait izen pro­posatu ziren: makila, egu­rra, ezpala, zura... eta Zura izen dei­garria iruditu zi­tzai­gun. Ez dauka istoriorik, ema­naldia apaindu nahi ge­nuen, besterik gabe». Gainera, Ttarla dantza tal­detik haratago joan nahi zuten, eta emanaldia berari izen propioa eman: «izen bat izateak pertso­na­lizatu egiten du».

Musikak jarraipena, dantzari
Makila dantzetako askok ko­munean duten elementua bada ere, be­netazko jarraipena mu­sikak egiten du. Funtzio hori da, hain zuzen, Zugazti musika tal­de her­naniarraren esku da­goe­na. Bi taldeen arteko el­kar­lana due­la hilabete batzuk hasi zen: «lehen, Billabonako musika tal­de bat etortzen zen Ttar­laren emanaldietara. Gure nahia ordea, Hernaniko mu­sikariekin egitea zen,  «Billa­b­o­na­koekin ge­nuen harremana bukatu eta  Her­nanikoekin bidea  egin nahi genuen, jarraipena izatea».
Lan horretan zebiltzala, Urnietako Egape Ika­stolako dantza taldeak Her­na­nin eskainitako Lanbro ar­tean ikuskizunaz gogo­ra­tu ziren: «Zugaztiko musi­ka­riek Egapeko dantzariekin jo zu­ten, eta aukera ona iruditu zitzaigun. Gurekin aritzea proposatu ge­nien eta baiezkoa eman zi­gu­ten. Zugazti mu­si­ka tal­de­arentzat ere aukera ona izan zen, momentu horre­tan pro­iektu baten bila zebil­tzan eta».  
Emanaldiko musikari da­go­kionean, Zugazti talde her­na­­nia­rrak dio: «erritmoak tra­dizio­na­lak dira, baina doinuak ez». Zu­ga­stiko kideen ustez, euskal dan­tze­tan tradizionalki erabiltzen diren instru­men­tuak alde ba­te­r­a uzteak lortzen du, dantzaldia mo­­der­ni­zatzea edo konten­po­ra­ni­za­tzea. Estilo des­ber­dina ema­teaz gain, mu­sikak ere ikus­ki­zuna nolabait egi­tur­atzen duela diote taldeki­deek: «musika oso suabe has­­ten da, oso delikatu, eta az­ken kantak kañeroagoak dira».
Janzkerari ere duen ga­rran­tzia eman diote Ttarlako dan­tza­riek hasieratik; bidea ez da uste bezain erraza izan: «ara­zoa da ho­geita hamar garela eta dan­tza batetik bestera ez di­gula den­borarik ematen alda­tze­ko. Arropa gutxi jantzi eta dantza bakoitzean diferen­te joaten saiatzen gara, fusioak egiten».

Hilabeteak, emanaldia ‘zuratzen’
Zura emanaldi «landua» de­la diote Ttarlako kideek. Uda bukaeran planteatu zuten hel­duekin zerbait berezia egiteko nahi hori, dan­­tza taldeko hau­rrekin urte amaierako egiten duten emanaldiaren gisara. Or­­dutik lanean dihardute: «ha­­sierako burutazio batzuk baztertu eta, gaur Zura dena di­seinatzeari ekin genion».
Indar guztia entsaioetan kanalizatu dute, ikasturte hasieratik. Horrek dakarren lan karga ere, nabaritu dute eta askotan, bestelako txikikeriekin presio hori arintzen ere, saiatu direla diote: «trajea bost mi­limetro handiagoa ala txikiagoa den, ilea nola era­mango dugun edo eszenarioa nola izango den pentsatzen bukatzen dugu».

Larunbatean, ginda
Dena prest izanda, datorren larunbateko 22:00ak izatea bes­terik ez dute buruan. Ki­roldegiko fron­­­toian jarriko duten ohol­tzara igo eta Hernani dan­tzekin kon­kistatzea dute helburu. «Egun horretan hilabete haue­tan egin­dako la­­na boro­bilduko dugu» diote Zu­gaztiko musi­kariek eta Ttar­lako kideek.

 

«Haurrentzat erreferentzia izan nahi dugu»

Helduen dantza taldea duela bi urte jaio zen, zenbait barne-aldaketen ondorioz.

Orain pare bat urte ger­tatutako aldaketen emaitza da Zura, Ttarlako helduen emanaldi be­rria. Orduan, Ttarlako ira­kas­leek bi behar zituztela somatu zuten: bata, haurren irakasleen forma­kun­tzan aurreratzea, eta bestea, helduen taldearen sorrera. Hortaz, Billabonako Oinkari dantza taldearekin jarri ziren kontaktuan eta, ordutik, haiek dira Ttarlako helduen irakasle. «Haurrei erakusteko gutxiengo maila bat lortzeaz gain, haurrentzat erreferentzia izan nahi dugu eta, horrela, haiek dantzan jarraitzea eta helduon taldea mantentzea» diote Ttarlako kideek.
Egoera berri honetan eta Billabonako dantza taldearen eskema jarraituz, ikasturtean zehar ikasitakoa urte amaie­rako emanaldi batean erakus­tea erabaki zuten. Azken bi urteotan gurasoen aurrean egin da ikus­kizun hori, baina, aurten, zerbait berezia egin nahi izan dute «herrira iris­teko» hel­bu­ruarekin.
Bide honen ondorioa da Zura, Ttarlako helduen taldeak aurkez­tuko duen ema­naldia. «Herriak orain ikusiko du zer egiten dugun eta nola ebo­luzionatu dugun», diote pozik dantzariek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!