Hernanik 1.000 urte? Bai, gehiago ere bai

Erabiltzailearen aurpegia Beñi Agirre Oiarzabal, Hernani Errotzen 2014ko mar. 29a, 01:00

Beñi Agirre Oiarzabal Hernani Errotzen

Kontxo, Mikel (Arrieta Irao­la), Hernani ez zen 1014an sortu; ez, lehendik ere he­men zegoen. Noiztik? 1014ko data esleitzen zaion dokumentuak diona, nahiz eta beranduago idatzia izan, Aragoi eta Iruñeko Pedro I. erregeak ontzat eman eta berretsi egiten die Leireko fraideei, 1101ean. Hau da, 87 urte beranduagoko berrespenean ere Ernani erabiltzen du testuinguru bertsuan: “In primis dono et confirmo, illam æclesiam Sancti Sebastiani que est in litore maris, in finibus Ernani”. Jakina, berrespena ematen zaio bakarrik lehendik existitzen den zerbaiti.
Garai hartako Leireko fraideek, latina eta idazten zekiten bakarrak, euren komentuaren intereserako manipulatuko zuten testua? Ziur baietz. Hala ere, gu ez gara horretaz ari. Galdera da, fraideek latinez idatzitako testuan jarritako euskarazko leku izenak faltsuak dira? Guk esaten duguna da, nahiko zantzu badaudela esateko “Ernani” izena orain dela 1.000 urte  idatziz eta modu fidagarrian erabiltzen zela. Sancti Sebastiani monasterioa eraikia baldin bazegoen, lehendik ere hemen jendea bizi zela. Orduan ez zela ezer “sortu”, lehendik ere bazela.  Esaten duguna da Urumea bailarako leku-izen guztiak, denak euskaldunak, bene-benetakoak direla eta “Ernani” hitzak erresumaren barruti administratiboa adierazten zuela. Eta ziurtzat dugu, 1200ean Gaztelak gure lurrak inbaditu aurretik, Nafarroa ginela.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!