Iparraldeko Txindoki, Arbailako mendizerran

Erabiltzailearen aurpegia Mendiriz Mendi 2015ko mai. 2a, 02:00

Behorlegira, ‘Iparral­de­ko Txindo­ki­ra’ antolatu du irteera Mendiriz Mendik maiatzaren 10erako.

Behorlegi: Iparraldeko Txindoki
Bere itxuragatik Iparraldeko Txindoki dela esan daiteke. Nahiz eta Arbailako mendizerrako gailurrik altuena ez izan, Aralarren Txindokirekin gerta­tzen den bezala, bera da inguru hauetan gehien nabarmentzen den mendia.
Ipar-mendebaldetik hego-ekialde norabidean luzatzen den gandor harritsua da mendi honen ezaugarririk nabarmenena. Apanizeko larretatik hasi eta Olhazarreko ibarreraino er­tzak bi kilometrotik gorako luzera du. Beste ezaugarri bat da ikuspegiaren arabera mendiak zailtasun itxura desberdina azaltzen duela. Garazitik begiratuta oso mendi zorrotza eta zaila dirudi. Aldiz Irati aldetik begiratuta zailtasun handirik gabeko itxura erakusten du.

Bide bat baino gehiago
Ibilbide luzeak egin daitezke Behorlegi edo Mendibe herrietatik abiatuz gero, baina badira nahiko gora igotzen duten asfaltatutako bi bide. Bata Behorlegi herritik abiatzen da eta Hauskoarekin lotzen duen Landerreko lepora igotzen da. Bestea Mendibe herritik abia­tzen da eta Egurtzeko lepotik gertu uzten gaitu. Bide hauek estuak dira eta, kotxeentzako egokiak izan arren, autobusek ezin dituzte erabili bihurgune estuak dituztelako.
Bi lepo horietatik neke handirik gabe igo daiteke tontorreraino, baina horretarako kotxean hurbildu behar da. Gure kasuan autobusak Behorlegin utziko gaitu, eta hortik hasi eta amaituko dugu ibilbidea.

Bista ederrak, ahalegin fisikoaren ordainetan
Igoera 3 ordu luzekoa da eta desnibela ere gogorra da. Beraz, egoera fisiko onean egon behar da. Baina gailurretik itsasertz aldera ikusten diren bistak, zoragarriak dira. Beste aldera begiratuta ere, Pirinioen aldera, paisaia ikusgarria da.
Eguraldia txarra suertatzen bada, igo eta jaitsi toki beretik egingo da. Eguraldia ona bada, ibilbide zirkularra egiteko asmoa dago. Hauskoa eta Behorlegi arteko lepora jaitsiko ginateke eta hortik, bakoitzaren gogoaren arabera, bi aukera egongo lirateke: herrira jaitsi edo Hauskora igo. Azken aukera honek ibilbideari, gehienez, beste 40 minutu inguru gehi­tzen dizkio.

Pausoz pauso, gailurrera
Behorlegiko Urondoa baserri albotik irtengo gara (310 m). Bere aurrean asfaltatutako errepidetxo bat jaiotzen da. Hori hartu eta baserri, borda eta zelaien albotik igaroz, gora egin behar da. Lekunaga baserrira iristerakoan eskuinera hartu eta Etxeberri bordara hurbildu behar da.
Asfaltoa amaitu eta pista batetik jarraitu behar da. Berehala bidegurutze bat aurkituko dugu. Zuhaitz batean dagoen kartelak adieraziko digu eskuinera jo behar dela. Bide zabalak beste bidegurutze batera eramango gaitu. Berriro ere eskuinera hartu eta aldapa gogor batetik soro batera iritsiko gara. Soroa inguratu eta ongi goazela adierazten digun kartela aurkituko dugu bertan.
Hortik aurrera bidea basoan sartzen da. Tarte honetan mugarriek bideari jarraitzen laguntzen dute. Tarte batean  igo ondoren bideak Egurzeko lepora (910 m) eramango gaitu. Ipar aldera biratu eta ezkerreko pistari jarraitu behar zaio ar­tzain borda batzuk dituen paraje polit batera iritsi arte.
Borda horien alboan pista bide bihurtzen da. Bihurgune pilo bat dituenez, nahiko erosoa egiten da igoera. Bideari jarrai­tzeko mugarriez baliatuz, ia konturatu gabe, Haritxarteko lepora (1.150 m) iristen da. Lepo hau Behorlegiren ipar-mendebaldeko ertzaren erdian dagoen pasagune estrategikoa da.
Eskuinera, hego-ekialdera, egin behar da eta soroetatik zehar, arroketan aurkituko ditugun gezi gorriei jarraituz, berehala izango gara gailurrean. Bertan burdinez eraikitako gurutzea dago. Ipar aldera begiratuz, gure oinetan, Landerreko lepoa (1.070 m) ikusten da. Aurrez aurre, Hauskoa.

Bukatzeko, bi aukera
Eguraldia ona bada Landerrera jaitsi eta bertatik bi aukera izango dira. Lehena herriko bidea hartzea eta bertara jaistea izango da. Bigarrena, errepidea gurutzatu, eta bere hego aurpegitik Hauskoa gailurrera igotzea eta ondoren herrira jaistea.


Datu interesgarriak:

Distantzia: 15 Km.
Denbora: 5-6 ordu.
Desnibel metatua: gorantz eta beherantz 1.200 m.
Gailurrak: Behorlegi (1.265 m) eta Hauskoa (1.268 m).
Zailtasun berezirik gabea.
Beharrezko materiala: mendiko material arrunta.
Mendiriz Mendik maiatzaren 10ean egingo du irteera hau.
Nola iritsi: Autopistaz Baionara hurbildu. Bertan hego irteera hartu (Donibane Garazi) eta D932 errepideari jarraitu. Alsuyeta herrian D918 errepidea hartu Donibane Garazira. Hemen Mendibe alderako D18 errepidea jarraitu eta Lekunberrira iristerakoan ezkerrera D117 errepidetxoa hartu; 6 km eskasera Behorlegin gara.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!