Biribilgune batera iritsi eta ezkerretara begiratu dut. Auto bat dator, baina hari traba egin gabe ateratzeko beta badut, ustez. Banoa barrura. Ezustean, beste autoak ezkerreko erraila hartu, nire parean jarri eta argi keirukariak piztu ditu. Pittin bat frenatuz, lekua egin diot. Hara! Ertzainak dira eta!
Autoaren gaineko argiek gelditzera behartu naute, eta zain nago.
Ertzain bat niregana hurbildu da, ez oso manera xaloan prezeski, haiek pasa arte «stop egin behar zenuen» eraso egin dit. Ni isilik. Gaztelaniaz ari zait. Ni isilik. Eskatu dizkit bururatu zaizkion dokumentu guztiak. Ni isilik, eta esaneko.
Ostera hurbildu zaidanean, neure burua entzun dut hizketan: «barkatu, hemendik aurrera niregana zuzenduz gero, euskaraz». Ez dagoela horretara behartua bota du, lehor. Haserre dirudi. Patrullari deituko diola esan dit, eta haiekin bete daitekeela nire eskaera: «tendrás que esperar». Izan ere, halaxe nago, zain.
Beste aukera bat otu zaio, han ondoan duen kideari galdetzea ea euskaraz badakien eta ea nirekin hitz egiteko prest dagoen. Eta, bai, eta bai, hark euskaraz bai, ta bai. Bieeeen!!!! Euskalduna da! Zerua ireki zaidala pentsatu dut, hantxe isunaren zain. Gutxi behar dugu batzuetan, ezta?
Ertzain erdaldunaren kidea hurbildu zait ea zer nahi dudan galdezka, manera atseginak ditu, bieeen!!! Mintzakide euskalduna eta isun euskalduna, esan diot. Ados.
Patrulla iritsi da, errepidea ia erabat moztuta dago. Kriminal bat naizela sentitu dut, baina pozik nago, legeak babesten duen tratua jasoko dudalako.
Baldar aritu dira isuna egiten. Neure buruari galdetu diot ea inoiz idatziko ote zuen isunik euskaraz. Eta pentsatu dut isun horrek daraman mezuak bide luzea egin beharko duela tramitatua izateko. Ez dirudi oso trebatua. Eta ni, zain, autoan, musika entzuten, poliziaz inguraturik.
Azkenean jaso dut itxaronaldiak zekarren saria: euskaraz idatzitako isuna. 200 € eta lau puntu galdu ditut. Baina, lasai nago, garaipen txiki bat izan da eta niretzat.
Aurten amore eman dudan aldien zerrenda egiten hasi naiz:
• Orain bi aste, mediku espezialistarekin gaztelaniaz egin nuen.
• Ostiralean, Osakidetzako harrerako langileak ez zidan euskaraz ulertzen.
• Orain bi hilabete, Jaurlaritzako izatezko bikoteen bulegoko langileak, euskaraz eroso ez, eta argibideak ele biz eman zizikidan.
• Donostiako Bake Epaitegian, orain hilabete eta erdi, nik euskaraz, hark erdaraz.
• Hernaniko Bake Epaitegian, orain hilabete, hiru langileei erregutu arren, inorekin ez nuen lortu euskaraz aritzea.
Bizitza osoa daramat amore ematen. Horrexegatik izan da isun hau garaipen txiki bat, neure bururi zor niona. Eusk AHAL duna izateko jauzitxoa.
Zuekin konpartitu nahi nuen.