Espetxeko bizitza ez da erraza. Jakina. Are gehiago gaixotasun sendaezin bat agertzen bada. Diagnostikoa lortu arteko bidea oztopoz betea, gogorra izan da. Behin diagnostikoa eskuartean, ez da samurragoa izan ordea. Etengabe higatzen ari den soka gainean oreka mantentzen saiatzearen parekoa. Gaixotasuna tratatu ahal izateko zigorra etetea eskatu zuenetik hona, luze jo du bi urtetik gorako denbora honek Ibonen osasunean.
“Esklerosi anizkoitza” gaixotasuna diagnostikatu ziotenetik joan dira bi urte luze horiek. Tarte horretan, bi mediku txosten egin dizkiote epaitegiek bidalitako mediku espezializatuek. «Gaixotasuna espetxearekin bateragarria ez dela» ondorioztatu dute bietan. Ekaineko erabakia kondena etetearen aldekoa izan zen, eritasunak Ibon libratzea ekarri behar zuela onartu zuen. Hori nahikoa ez eta hirugarren mediku-txostena behar zuela erabaki zuen epaileak, prozesua luzatuz. Azken txosten honek gaixotasuna eta kartzelako bizitza bateragarriak direla dio, nahiz eta gaixotasunaren garapenak berarekin motrizitate galera dakarrela onartzen duen. Nola ulertu hau? Zergatik jarri zalantzan epaileak izendaturiko aurreko bi medikuen txostena? Zergatik gehiago luzatu?
«Maratoi bat bilakatu da egindako eskaera. Helmuga ordea, nolakoa den ezin jakin» idatzi zigun Ibonek joan den abenduan. Bai lehen, bai orain, zigorraren suspentsioa onartzeko badela nahiko arrazoi uste dugu. Are gehiago, osasuna –besteak beste- oinarrizko giza eskubidea dugu. Behar duen tratamendua jasotzea ahalbideratuko dion erabakiak behar du maratoiaren helmuga izan. Ez ditugu onartzen giza eskubideen urraketak. Ez ditugu onartzen gaixotasun larriak dituzten presoen eskubideen urraketak.
«Behin helmugara iristear, nire bizitza –eta neurri handi batean nire hurbilekoen bizitza- erabakiko dutenak maratoiari kilometro gehiago eta gehiago gehitzen ari dira» (Ibon Fernandez Iradi 2014-XII; Lasarten, Harresi Guztien Gainetik errezitalditik jasoa).
Aste gutxi barru jakingo dugu maratoiaren amaieran Giza Eskubideak present izango diren ala ez: maiatzaren 7an.
Xabier Otaegi Olasagasti Ixiar Arteaga Lizarazu Jurdana Anton Iradi
Ibonen lagunen izenean