Mendiriz mendi
Jaizkibel aldera antolatu du hurrengo irteera Mendiriz Mendik. Zehatzago esateko, bertan kokatua dagoen Labetxu arana ezagutzeko aukera izango da. Apirilaren 19an egingo du irteera hau Mendiriz Mendik.
Koloreen arana
Jaizkibelen, Labetxu izeneko aran txiki bat kokatzen da. Bertako arrokek aurkezten dituzten geoforma eta kolore bitxiengatik, “Koloreen arana” modura ere ezagutzen da.
Gure planetak 4.600 milioi urte ditu gutxi gorabehera, eta urte guzti horietan arrokek jaso dute bere historia luzea. Geologoek badakite historia hori planeta osoko toki desberdinetan aurki daitezkeen “harrizko liburuetan” idatzita dagoela. Liburu garrantzitsu horietako bat Euskal Herriko kostaldeko Flysch-a da eta bertatik kapitulu ikusgarrienetako bat Jaizkibelen kokatuta dagoen Labetxu arana da.
Jaizkibeleko azaleramenduko geruzak orokorrean higadura handia jasan duten horixka koloreko hareharri sendoz osatuta daude. Bertako hareharria kaltzio karbonatoak itsatsitako kuartzo ale biribilduez osatuta dago. Hareharri hori, lodiera desberdinetako estratuetan banatzen da. Geruza batzuek zentimetro gutxiko loditasuna dute eta beste batzuek hainbat metrotakoa. Hareharri estratuen artean marga edo tuparri izeneko material bigunagoak txertatzen dira eta hala sortzen da bi arroka motaren alternantzia duen Flysch egitura.
Altxor geologikoak
Jaizkibelen berebiziko altxor geologikoak topatuko ditugu. Bertoko estratuek geodibertsitate eta biodibertsitate harrigarria gordetzen dute. Bertoko arrokek fosil gutxi izaten dituzte, baina ugariak dira icnofosilak. Icnofosilak organismoak batetik bestera mugitzean, elikatzean edota atsedena hartzean utzitako arrastoen erakusle diren fosilak dira. Aztarna horien bitartez zaila da haiek sortu zituzten bizidunen itxura ondorioztatzea, baina zein portaera zuten jakin daiteke.
Argazkilarientzat egokia
Ibilbidea natura maite duen edonorentzat da interesgarria, baina argazkigintza gustatzen zaienentzat are gehiago, inguru honetan harkaitzek dituzten koloreak eta higaduragatik hartzen dituzten forma ikusgarriekin argazki oso politak egiteko aukera baitago. Ondare hori geurea eta gure gerokoena denez, gure eskaera eta denon betebeharra geoforma horiek errespetatzea da. Oso toki apurkorra da. Begiratu bai, baina ez dira ukitu behar.
Bailarara jaisteko bidea argia da. Leku batzuetan oteak bidea hartuta duenez komeni da galtza luzeak eramatea. Behin bailara barruan egonik interesgarria izaten da denbora tarte bat hartu eta harkaitzen arteko labirintoetan galtzea. Bertan aurkituko dugunaren adibideak www.jaizkibelamaharri.org helbidean ikus daitezke.
Atzein muinoa inguratuz
Errepidetik gailur aldera 200 metro inguru egin eta panel batzuk dauden tokiraino hurbildu. Itsaso aldera egin eta ataka bat zeharkatu. Bideak behera egiten du eta Atzein muinoa inguratuz behera egin behar da.
Bidea bi lerro zuriekin markatuta dago. Ibilbideak Gazta-rrotz baserriaren hondakinetara hurbiltzen gaitu. Aurrera jarraitu eta ezker aldera egin behar da, harkaitz horma baten oinarritik igaro eta bigarren lepotxoan edo bretxan eskuin aldera, kosta aldera, egin behar da. Putrekabi izeneko bailaratxoaren goiko zatira irtengo gara. Mendebaldera eginez, behera egin behar da eta Labetxuko arroan sartuko gara. Erlaitz batek, ipinita dagoen soka baten laguntzaz, bailararen hondora jaisten ahalbidetzen du. Behin bailara hondoan gaudela bertan dauden geoforma ugariz gozatzeko aukera izango da. Harkaitzek sortzen duten labirinto barruan, gora eta behera, ezkerrera eta eskuinera, ibiltzea gomendatzen da geoforma berriak aurkitzeko edo aurkitu ditugunak beste ikuspuntu batetik behatzeko. Erreka zeharkatuz, bailararen beste hegalean, barrunbea eta leihoa izeneko bi geoforma bitxi.
Erentzindik, buelta
Itzulia Erentzin izeneko bidetik egingo da. Bide horretatik Lekueta izeneko paraje batera iristen da. Tokia kostalde guztia behatzeko begiratoki paregabea da. Bideari jarraituz, gora egin behar da eta Artzain izeneko muino bateraino igo behar da. Bertatik errepidera tarte txikia dago. Eskuinera egin eta berehala gara aparkalekuan.
Datu interesgarriak
-Distantzia: 8 Km.
-Denbora: 3-4 ordu.
-Desnibel metatua: gorantz eta beherantz 450 m.
-Zailtasun berezirik gabea.
-Beharrezko materiala: mendiko material arrunta.
-Mendiriz Mendik apirilaren 19an egingo du irteera hau.
-Nola iritsi: Errepidez Pasai Donibanera hurbildu. Bertan Jaizkibelera igotzen den GI- 3440 errepidea hartu eta 9. kilometroan dagoen aparkalekuraino igo.