«Zuk barrutik, nik kanpotik tira
herria indartzen ari da
lehenbailehen ekarri behar dira
presoak Euskadira»
90. hamarkadan askotan elkarrekin errepikatu genuen abesti esanguratsuaren leloa. Bi hamarkada beranduago leloak indarrean jarraitzen du.
Zure eskutik ezagutu nituen elkartasun hitzaren moduak, zurekin egin nituen urruneko espetxeetara lehen bidaiak, zuk erakutsi zenizkidan bazeudela borroka modu ezberdinak, gose grebak Hernanin eta Europan eta aldarrikapenerako une eta leku ezberdin asko (Bruselas, Madrid…).
Izan ere, zu beti ezinean dagoenaren ondoan egon zara, atsekabeturik dagoen oro kontsolatzeko eta nahi gabea goxatzeko dohai berezia duzu. Hamar urte hauetan ziur nago Soto del Real eta Castelloneko espetxeetan aurkitu dituzun bihotz urratuak ere zaindu eta goxatuko zenituela, zure besarkada, muxu goxo eta hitz egokiekin.
Urte hauetan sakabanaketak ondorio onuragarriak izan ditzakeela ere ikasi dut. Elkartasunak pertsonengan sortzen duen egiteko modu desberdinaren onurak neronek jaso ditut eta bidean ezagutu ditudanengan ere ikusi ditut. Egoerak erlatibizatzen ikasten da, desorosotasuna, eguraldiaren gora beherak, errepidearen arriskuak, ondoezak, adinak… guztiak bigarren tokia hartzen du, garrantzitsuena helburura garaiz iristea da.
Bisitetan elkarbanatzen diren minutu horietan sortzen da egiazko harremana, (gertutasuna, maitasuna, konplizitatea, umorea, adeitasuna…). Urteak joan eta etorri espetxetako egoera larri horri duintasunez eusten ikusi zaitut, zu zaren horretan, zure doai horietan mantentzen zarelako eta horrek indartsuagoak egiten gaitu, zu eta gu.
Sakabanaketaren hamaika aurpegi lazgarriek (bakardadeak, distantziak, harresiak, zigorrak) eta oinarrizko eskubideen etengabeko urraketek ez dute gure sakontasunean daukagun altxorrarekin bukatuko eta horrek aberatsago egiten gaitu.
Euskal Preso, iheslari eta deportatuen eta senideen giza eskubideen defentsan, badugu zer esan eta egin. Elkartasuna!